Zentro Sozialista berria aurkeztu du Gasteizko Kontseilu Sozialistak

Gasteizen gaur goizean atera dute argitara aurrerantzean Zentro Sozialista izango dena. Urte luzez erabili gabe egon den espazio batean eramango dute aurrera proiektua.
Argazki Nagusia
Argazkia: @Kontseilua_Gast
2021eko maiatzaren 29a

Kontseilu Sozialista Gasteizek (Araba) gaur, maiatzaren 29an, jakinarazi du proiektu berri bat jarri duela martxan hainbat urtez erabili gabe egon den eraikin batean: Gasteizko Zentro Sozialista izango da aurrerantzean. Arabako hiriburuko Monseñor Estenaga kaleko supermerkatu zahar bat da eraikina, zehazki, Samaniego eskola parean kokatuta dagoena.


Kontseilu Sozialistak ohar baten bidez adierazi duenez, bizi dugun "krisialdi ekonomikoa gainditzeko asmoz elite politiko zein finantzarioek aurrera daramaten ofentsibak etorkizun beltza" iragarri du langileriarentzat. "Gizadiak inoiz ezagutu duen garapen teknologiko handienaren aurrean, nola da posible pobrezia hedatzen egotea?" galdegin dute Kontseilu Sozialistako kideek. Hala, testuinguru horretan, "proiektu emantzipatzaile errealen faltak" sortutako kezka partekatu dute.


Haien esanetan, bada, bizi dugun egoera latzari aurre egin ahal izateko aterabide bakarra da pixkanaka "antolakuntza komunista indartzea". Horri erantzutera dator, hain zuzen, Gasteizko Zentro Sozialista, Twitter bidez azaldu dutenez, "ezinbestekoa" baita jardun politikorako "espazio propioak edukitzea".


Besteak beste, proletalgoa babesik gabe dagoen esparruetan "antolakuntza mekanismoak" garatzeko, "formakuntza eta hausnarketa politikoa" sustatzeko eta "lan politikorako azpiegitura" izateko zabaldu dute gune berria.


DINAMIKAK MARTXAN


Oraingoz hainbat jarduera eramango dituzte aurrera Zentro Sozialista berrian. Besteak beste, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren Elkartasun Biltegia kokatuko dute han, larrialdi-egoeretarako etxebizitzak egokituko dituzte eta, aldi berean, Mugimendu Sozialista osatzen duten antolakundeek han eraman ahal izango dute aurrera haien jarduna.


Guztiari hasiera eman aurretik, hala ere, hainbeste urtez erabili gabe egon den espazioa egokitzeko lanak egitea premiazkoa dela diote Kontseilu Sozialistako kideek, eta horretan ari direla orain. Laster informazio gehiago zabalduko dute.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik