AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/10/21 13:32

Urte bat bete zuen atzo, hilak 20, ITAIA Emakume Sozialisten Sareak. 2018. urteko udazkenean jaio zen, "emakume langileok askapen prozesu eraginkor bat martxan jartzeko kontuan eduki beharreko auzien inguruko eztabaida sortzea" helburu. Hala, itaia.eus bloga izan zen ITAIAren aurreneko plaza, eta sarea osatzen duten kideak bertan hasi ziren "bai Euskal Herria bizitzen ari den garapen politikoarekiko, baita mundu mailan ematen diren gertakariekiko ulerkera" argitaratzen.

"Militanteongan hausnarketa sortzea" izan da Emakume Sozialisten Sarearen asmoa; hala nola, "subjektu politikoaren inguruan, eratu beharreko aliantzen inguruan, eman beharreko pausoen inguruan, jarraitu beharreko estrategiaren inguruan". "Langile klaseko emakumeok bizi dugun esplotazio forma zehatza identifikatu, ezagutu, eta berau gainditzea ahalbidetuko digun jarduna sustatzea" izan dute ardatz ITAIAko kideek, "eguneroko bizitzan pairatzen ditugun zapalkuntza zein ezintasun guztiak gainditzeko eta geure bizien gaineko boterea eskuratzeko daukagun grinak" bultzatuta.

Beharra erdigunean

"Euskal Herriko egoera politikoan tokia" aurkitzen ez zutelako edota "mugak topatzen" zituztelako jarri zuten martxan proiektua ITAIAko kideek. "Eta ez pentsa muga horiek eztabaida abstraktuetan edo inolako oinarririk ez duten saiakera eroetan topatu ditugunik; zailtasun horiek, geure eguneroko beharrei erantzuterako orduan aurkitu ditugu", azaldu zuten. Besteak beste, "familiarekiko daukagun menpekotasun ekonomiko zein morala gainditu, eta geure bizien erreprodukzioa era integral batean gauzatzeko" beharra; "militantzia espazioetan batak bestea merkantzia gisa ikusteari utzi, eta borondate zein ongizate kolektiboa sortzeko" beharra; "hilerokoaren ondorioz daukagun gastu ekonomikoa deuseztatu, eta prozesu hori dagokion naturaltasunez bizitzeko" beharra; "gazte asanbladetan dauzkagun zailtasunei aurre egin, eta langileon arteko elkartasuna antolatzeko" beharra; edota "harreman sexu-afektiboek gugan pizten duten sentimendu ekaitza kontrolatu, eta zaintzan oinarritzen diren harremanak sortzeko" beharra aipatu zituzten.

Bloga aurkeztu bezain pronto azpimarratu zuten agian ITAIAk "mugak topatuko" zituela aurrerago, eta beraz, ez zekitela zein forma hartu zezakeen proiektuak etorkizunean. Dena den, azaldu zuten "orain arteko esperientzia historikotik ikasitako guztia martxan jartzeko determinazioa" zutela ipar; alegia, "emakume langileok zein burgesek forma ezberdinetan jasotzen dugula genero zapalkuntza, are gehiago, interes kontrajarriak dauzkagula berau gainditzeko; norbanakoaren askatasuna soilik era kolektibo batean gauzatu ahal izango dugula; emakume langileok gure klase sozialeko gainontzeko kideekin harreman eredu parekideak eratu behar ditugula; emakume langileok bizi dugun zapalkuntza egoera gainditzeko gizarte antolakuntza sozialista eraiki behar dugula".

Aurreneko pausoak

Hala, genero problematika lantzean "abiapuntutzat langile izaera eta perspektibatzat ikuskera integrala" hartuta, aurreneko pausoak eman ditu aurten ITAIAk. Martxan izan dute bloga asterokotasunean, eta etengabea izan da Emakume Sozialisten Sareko kideek bertan egin duten ekoizpen teorikoa; artikuluak, analisi politikoak zein hainbat gairi buruzko irakurketak plazaratu dituzte blogean, hain zuzen. Hainbat kideren kolaborazioak, zenbait testuren itzulpenak edota formakuntzarako bitartekoak ere eskaini dituzte interneten sortutako txokoan.

Bestalde, hamaika tokitan eman dituzte hitzaldiak ITAIAko kideek, eta batez ere, genero problematika izan dute hizpide, langile perspektibatik. Azaroan Salda badago jardunaldietan ere izango dira; eta Genero problematikaren hausnarketa eta aurrera begirako erronkak saioa eskainiko dute.

Ekoizpenari dagokionez, hona hemen blogean argitaratutako testu batzuk:

Artikuluak

Irakurketak

Analisi politikoak

Kolaborazioak

Itzulpenak