Greba Orokorrarekin bat egin du GKSk, langileriaren lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurrien bila

'Gazte langileok, klase batasuna' lemapean, Gazte Koordinadora Sozialista batu egin da urtarrilaren 30erako deitua dagoen Greba Orokorrera. "Martxan dagoen haustura soziekonomikoaren aurrean" eta langileriaren "lan eta bizi baldintza duinen bermerako tresna" modura, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza aldarrikatu du GKSk, "proletalgoaren antolakuntza integrala" oinarri. Bestalde, langile klaseko sektore proletarizatuenek Greba Orokorrera batzeko dituzten zailtasunak mahaigaineratu ditu, haientzat baliagarriak diren antolakuntza eta mobilizazio formak miatzera dei eginez, "langile batasuna gauzagarria izan dadin".
Argazki Nagusia
2019ko abenduaren 24a

Bart argitaratutako adierazpenaren bidez, Gazte Koordinadora Sozialistak jakinarazi du bat egin duela urtarrilaren 30erako Euskal Herrian deitua dagoen Greba Orokorrarekin. Gaur egungo "krisi sistemikoaren" testuinguruan, "langileriaren gaineko esplotazioan izan den gorakada kualitatiboa" seinalatu du GKSk, "proletalgoaren hazkunde kuantitatiboarekin" batera. Hala, gazte langileen egoera ekarri du gogora, "lan indarraren debaluazioa" zein gazte langileen "proletarizazio" prozesua kasu.

Greba Orokorra egiteko arrazoiak soberan daudela iritzi du, hortaz, GKSk, eta "langileriaren tresna historiko" modura kokatu du greba. Gaur egun langileriaren lan eta bizi baldintzen alde borrokatzea ezinbestekotzat jo, eta azaldu du baldintza horiek lortzeko berme bakarra sozialismoaren eraikuntza dela. Bide horretan, Euskal Estatu Sozialistaren helburu estrategikoa jarri du erdigunean, langile batasuna aldarrikatzearekin batera: "Botere burgesak, besteak beste, emakume eta gazte langileon soldata debaluatzen du, pentsionistei pentsio duin bat ukatzen die, ikasleen ikas baldintzak garestitzen ditu, etorkinen bizi baldintzak urratzen ditu; eta beharrezkoa da esparru bakoitzean botere burgesaren dinamikak geldiaraztea. Langile batasuna, ondorioz, beharrezkoa da botere burgesari aurre egiteko".

Klase ertainaren eta proletalgoaren interes kontrajarriak

"Koiunturari aurre egiterakoan", klase ertainak egungo testuinguruan bilatzen duen "paktu sozial berria" gaitzetsi du GKSk, proletalgoak errealitatean dagoen haustura sozioekonomikoa haustura politikoan bihurtzea galdegiten duela iritzita. Lehenak, "deskonposizio fasean" dagoen bloke politikoa, klase ertaina, prozesu horretatik salbatu nahi duela adierazi dute; eta proletalgoak, aldiz, "independentzia politikoa" eskuratzea duela xede. Horri jarraiki, langileriaren aldeko erreformak burutzeko zailtasunak mahaigaineratu ditu GKSk, baita goi-burgesiak erreforma horien egikaritzean duen aginte botereari erreferentzia egin ere.

Langile proletarioaren bakartzea grebaren testuinguruan

Bestetik, grebaren planteamenduan langile klaseko sektore ezberdinek dituzten baldintzak argitara atera ditu GKSk. Geruza xumeenak edo proletarizatuenak Greba Orokorrera batzeko dituen zailtasunak handiak direla adierazi dute: "Lanpostutik kanporatzeko sekulako arriskua dutelako, ezin diolako soldataren zati bati uko egin, hilabete bukaera iristeko zailtasunak...". Hortaz, langileria xumearentzat baliagarriak diren antolakuntza eta mobilizazio formak aurkitzera dei egin du koordinadorak, "langile batasuna gauzagarria izan dadin".

Azkenik, langileriaren defentsarako modurik eraginkorrena fronte guztietan "ikuspuntu sozialistatik lanean aritzea" dela dio GKSk, proletalgoaren antolakuntza integralaren defentsa eginez. Aipatutako guztia kontuan izanda, GKSk gazte langileei Greba Orokorrean parte hartzera dei egin die, eta hurrengo asteetan, ekimenen eta deialdien inguruko zehaztapen gehiago emango dituela iragarri du.