"Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!" dinamikaren balorazioa aurkeztu du IAk

Gogora ekarri dituzte martxoan abiatutako kanpainan mahaigaineratutako "hiru exigentzia orokorrak" eta "langile klaseko ikasleen defentsarako programa". Heziguneetan garatu diren "tokian tokiko borrokak" nahiz bigarren hezkuntzarako, batxilergorako eta lanbide heziketarako "sei aldarrikapen nazionalak" ere izan dituzte mintzagai. Maiatzaren 25ean hasitako greba mugagabearen helburua berretsi dute: "Ikasleria langilearekin esperimenturik ez onartzea".
Argazki Nagusia
IAk deitutako kontzentrazioa Donostian. Argazkia: IA
2020ko ekainaren 15a

2019-2020 ikasturtearen amaierarekin batera, martxoan abiaturiko kanpainaren balorazio orokorra egin du Ikasle Abertzaleakek. Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! lemapean sortutako dinamikaren lehen hiru aldarrikapen orokorrak ekarri ditu gogora: airean zeuden erabaki guztiak "lehenbailehen hartzea", ikasleei "egoerak sortutakoak baino zailtasun gehiago ez jartzea" eta ikasle antolakundeen ordezkaritzaren bidez "ikasleria langilearen interesek erabaki markoetan presentzia eta pisua izatea".

Bi asteren buruan, alarma egoeraren egonkortzearekin batera, "tresna konkretu eta eraginkorrak" martxan jartzeari ekin zion IAk, osasun-krisiaren ondorioak langile klaseak ordaindu ez zitzan. Bide horretan, "langile klaseko ikasleen defentsarako programa" plazaratu zuen apirilean. Programa horren baitan, ikas baldintzen gaineko borroka ugari hauspotu zituzten IAren tokian tokiko taldeek eta Ikasle Autodefentsa Sareek. Ikuspuntu nazionala landuz, borroka horiei guztiei lotutako exijentzia orokorrak biltzen zituen agiri bat osatu zuten gero IAko kideek: bigarren hezkuntzarako, batxilergorako eta lanbide heziketarako "sei aldarrikapen nazionalak".

PARTE HARTZEAREN ZIFRAK

Kanpainaren hainbat alderditan ikasleriak izandako prestutasuna nabarmendu du IAk. Izan ere, tokian tokiko ikasleek helarazitako testigantza guztiak batuta, 5.200 testigantza baino gehiago jaso dituzte. Euskal Herriko 20 eskualdetan kontrastatutako ahotsak izan dira, 43 ikastetxe baino gehiagotan.

Testigantza horien bidez, "ikasleen beharrak bertatik bertara ezagutzeko" aukera izan dutela diote IAko militanteek. Gainera, hainbat lekutako egoera zehatza aldatzeko "borroka prozesuen abiapuntu" izan dira testigantzak; besteak beste, online klaseak jarraitzeko "erraztasunen aldeko", "klase eta atseden orduak bereizteko", "beharrezkoak ez diren edukiak alboratzeko" edota "errefortzuko klaseak gehitzeko" borrokak kasu. 18 ikastetxe baino gehiagotan lortu dute langile klaseko ikasleriarentzat baldintzak hobetzeko neurri zehatzak ezartzea.

IKASLE GREBA MUGAGABEA

Alarma egoera indarrean sartzean, ikasleak ikasgeletara itzultzearen aurkako posizioa adierazi zuen IAk. Handik aste gutxira, ordea, klaseak berrartzeko asmoa azaldu zuen Hezkuntza Sailak. Berehala erantzun zuten IAko kideek: "Hezkuntza komunitatearen parte garen milaka pertsonen etorkizunarekin eta ongizatearekin arduragabekeriaz jokatuz hartutako erabakia da".

Hori dela eta, maiatzaren 25ean ikasle greba mugagabeari ekiteko asmoa azaldu zuten. Klase presentzialak berrartzeko plana "bertan behera uztea", eta horren ordez, "ikasturte akademikoa amaitutzat ematea" exijitu zuten. Horrez gain, hirugarren ebaluazioko irakasgaien "gainditze automatikoa ezartzea" eta "oporren ohiko iraupena errespetatzea" aldarrikatu zuten. Dena den, "begi onez" ikusi zuten selektibitatea prestatzeko borondatezko klase presentzialak egitea, beharrezko segurtasun neurriekin.

ESPERIMENTUAK ZAPUZTEKO

IAko kideek argi esan dute "normalitate berri" deritzon hori "hezkuntzan lurreratzeko proba-esperimentua" dela. Horrek "ikasketen kalitatearen galera orokorra" nahiz "hezkuntzaren informatizazioan eta ikasleen gaineko kontrol sozialean sakontzea" dakar, haien arabera. Beraz, grebarekin batera, ikasketa prozesuaren gaineko "langile kontrola" aldarrikatu dute.

MOBILIZAZIOAK

Ekaineko lehen asteburuan ikasleek mobilizazioak egin zituzten dozena bat eskualdetan eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, IAk deituta. Datozen asteei eta hurrengo ikasturteari begira "adi egongo direla" adierazi zuten bertan, eta "antolakuntza eta mobilizazio etengabea" jo zuten ikasle langileen interesak babesteko bide bakartzat.