AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aurreko asteko elkarretaratzeko irudi bat.
2020/09/21 12:29

Aurreko asteartean, irailak 15, 200 gazte inguru elkartu ziren Nafarroako Hezkuntza Delegaritzaren aurrean, EAEko ikasle langileei elkartasuna adierazteko eta hezkuntza arloan azaleratu den larrialdi egoeraren berri emateko. "COVID-19ak sistema kapitalistaren krisia inoiz baino argiagoa eta latzagoa izatea eragin duen honetan", hezkuntzan ere eragin zuzena izaten ari dela salatu zuten, eta egoera honetan, kaltetuenak langile familietako ikasleak direla seinalatu. Besteak beste, azpimarratu zuten "ikasketa prozesura sarbidea izateko zailtasunak", "ikasketa modalitate telematikoa ondo jarraitzeko oztopo asko" edota "eskolaz aparteko laguntza jasotzeko ezintasuna" izango dituztela.


Ikasturte akademiko berriaren bigarren astean murgildu gara, eta IAko kideek azaldu dute jada nabarmena dela "ikasketa presentziala aurrera eramateko ezarritako neurriek, ikasleon eta hezkuntza komunitateko gainontzeko langile sektoreen osasuna arriskuan jartzen dutela". Hala, adibide bezala aipatu zuten orain arte itxi behar izan dituzten ikastetxeen kopurua. Egoerari aurre egin eta borrokan jarraituko dutela adierazi dute.


MOBILIZAZIOA IRUÑEAN

Aurreko asteko deialdiaren ostean, Nafarroako Ikasle Abertzaleakek azpimarratu du "borrokarako unea" dela. Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu dinamikaren barruan, mobilizazioa deitu du datorren ostegunerako, irailak 24: 12:00etan irtengo da manifestazioa Foruen plazatik. Parte hartzeko deia egin die Nafarroako ikasle langileei, hain zuzen, bigarren hezkuntzakoei, lanbide heziketakoei eta unibertsitateetakoei. "Ofentsiba burgesari aurre egin ezean", ondorioak "larriak" izango direla ohartarazi dute.