Manifestaziora deitu du Azpeitian Kontseilu Sozialista Urola Erdiak, 'Garai ilunetan antolakuntzaren indarra' lelopean

Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak urtero antolatzen zuen mobilizazioaren lekukoa hartuz, "burgesiaren ofentsiba kapitalista salatzeko" eta "langile antolakuntzaren beharra aldarrikatzeko" manifestaziora deitu du Kontseilu Sozialista Urola Erdiak, urtarrilaren 16rako. 19:00etan abiatuko da Azpeitiko plazatik.
Argazki Nagusia
2021ko urtarrilaren 7a
"Langileriak bere azalean bizitako gertakaririk gogorrenak salatzeko" Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak urtero antolatzen zuen mobilizazioa, aurten, inoiz baino garrantzitsuagoa dela iritzita, ekimen horren lekukoa hartu eta "langile antolakuntzaren aldeko aldarria kalera ateratzeko" hautua egin du Kontseilu Sozialista Urola Erdiak (Gipuzkoa).

"Pandemiaren aitzakiapean", egungo egoerak langileriarengan izan dituen ondorio latzak salatu dituzte, eta seinalatu dute, agintari politikoek pandemiaren hedapenaren aurrean hartu dituzten neurriekin, "langileriaren etorkizun hobe bat baino, bizitzeko modu horren oinarri ekonomiko nahiz kultural berriak ezarri nahi direla, langileria oraindik eta gehiago zapalduz eta kaosera eta etengabeko ziurgabetasun batean bizitzera bultzatuz".

"Soldatapeko lanaren esparruan indarrean diren langileriaren lan- eta bizi-baldintzen okerragotzea", "pobreziaren gorakada", "proletarizazio prozesuaren sakontzea" nahiz "desjabetuon eskubide politiko eta zibilen murrizketa" izan dituzte hizpide Kontseilu Sozialistako kideek, eta "burgesiaren ofentsiba orokortu baten testuinguruan" kokatu dituzte elementu horiek.

ANTOLAKUNTZARAKO HAUTUA

Egoera salatzeaz gain, ordea, "langile antolakuntzaren indarra" batzearen eta "eskubide sozial eta politikoen defentsa lehen lerroan" jartzearen beharra azpimarratu dute.  "Bide hori berrartzea", hain zuzen, "langileriak bizitzeko eta borrokatzeko baldintzen aldeko bidea" eta "langileriaren proiektu historikoa den sozialismorako bidea hartzea" dela aldarrikatu dute.

"Burgesiaren ofentsiba salatzeko" eta "langileon antolakuntza sozialistaren" aldeko aldarriak kaleak hartzeko manifestaziora deitu dute, beraz, urtarrilaren 16rako. 19:00etan hasiko da mobilizazioa, Azpeitiko plazatik.