Luberriko IAk elkarretaratzea deitu du ostiralerako, 'Autoritarismoa suntsitu!' lemapean

18:00etan izango da elkarretaratzea, Donostiako Luberri ikastetxearen atarian. Zuzendaritzaren eta irakaslegoaren partetik jasaten duten "blokeoa" eta "infantilizazioa" salatuko dituzte ikasleek, eta deialdiak "ikasle antolakuntza indartzeko" beharrari erantzuten diola azaldu dute.
Argazki Nagusia
Argazkia: Donostiako IA
2020ko maiatzaren 27a

Gaur, hilak 27, Luberriko Ikasle Abertzaleakek mobilizazio bat deitu du datorren ostiralerako, maiatzak 29, Autoritarismoa suntsitu! Ikasleon erabakitzeko gaitasuna indartu lemapean. 18:00etan izango da elkarretaratzea, Donostiako (Gipuzkoa) Luberri ikastetxearen parean.

Hezkuntza sisteman ikasleen ahots eta aldarriei "ez zaiela erreparatzen" salatu dute Luberriko ikasleek, baita joera hori salbuespen egoeran zehar "areagotu egin dela" ere. Luberriko IAren ustez, "itxura humanitarioa" eman nahi zaion hezkuntzan "hitz polit asko" erabiltzen dira ("ahalduntzea", "kritikotasuna"...), baina ikasleak euren intereseko ikas baldintzen alde antolatzen hasten direnean, "paper busti" bilakatzen dira hitzok.

Figura diziplinarioak

Ikastetxe barruan enpresaburuak, epaileak eta poliziak ikusten ez diren arren, zuzendaritza eta irakaslegoa "pedagogia zapaltzailea ezartzeko ederki moldatzen" direla salatu dute Luberriko IAko kideek. Hain zuzen ere, "egokitasunaren terminoak erabakitzea eta altxatzen direnei ondorio negatiboak ezartzea" bezalako funtzioak betetzen dituztela diote.

Urtez urte, hainbat belaunalditako ikasle mugimenduaren aldarrikapenak "blokeatuak izan dira zuzendaritzatik", hala nola, greba eskubidea, komun komunen proiektua, antolakuntza politikorako erraztasun eskaerak, eta abar.

Azken borrokari blokeoa

Azken kasua salbuespen egoerak sortutako zailtasunen aurrean ikasleek eginiko eskaeren aurrean azaldu duten jarrera izan da. Ikasleek lanak eta edukiak bidaltzeko "metodo erraz eta argia" eskatu duten arren, ukatua izan zaie beste metodoak erabiltzeko omen duten "askatasunaren" izenean, eta eskaerak "lekuz kanpo daudela" dio zuzendaritzak.

Horren aurrean, euren kabuz erabaki ezin dituzten "hezkuntza neurrietara kondenatuta" daude ikasleak Luberriko IAren esanetan.

Blokeoa hautsiz

"Blokeoaz eta infantilizatuak izateaz nazkatuta" daudela diote Luberriko IAko kideek. Urte luzez pairatutako autoritarismoaz zerbait ikasi dute, ordea: "hezkuntza sistemak ez duela euren alde egingo" eta aurrera egiteko giltzarriak "ikasleriaren antolakuntza eta borroka direla". Horrenbestez, ostiraleko mobilizaziora bertaratzeko deia luzatu diote ikasleriari.

Sinadura bilketa

Duela gutxi sinadura bilketa abiatu zuten Luberriko IAko militanteek, "ikasleek bizi dituzten arazoei erantzuten hasteko". Horrez gain, bi eskaera egin zizkioten zuzendaritzari: ikasleek lanak aurkezteko gutxienez 24 orduko epea izatea eta eduki guztiak classroom aplikazioan zentralizatzea. Zuzendaritzak oraingoz ez du prestutasunik azaldu ikasleen beharroi erantzuteko.