AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/02/17 10:04

Kulturatik hausturara izenpean, 30 pertsona elkartu ziren iragan larunbatean, hilak 15, Donostiako (Gipuzkoa) Alde Zaharrean. Kulturaren inguruan hausnartzeko saioa izan zen lehenengo, 17:00etan hasita; hala, "egun nagusi den kultura ulertzeko gakoak" izan zituzten eztabaidagai, baita "prozesu sozialista elikatuko duen kulturaren ezaugarriak" ere. Horren ostean, afaria eta Espartzu taldearen kontzertua izan ziren Urka Mendi tabernan.

"Orain arteko ildo sozialistaren praktika politikoak kulturaren arloan hainbat eztabaida" ireki dituela ebatzi zuten larunbateko saioaren antolatzaileek; esaterako, "estetikaren inguruko eztabaida, harremantzeko moduen ingurukoa, edota gure eskaintza kulturalaren ingurukoa". Asteburuko jardunaldiaren bidez, asmoa da gogoeta horiek "garatzen jarraitzea".

Hitzaldia puntuz puntu

Hiru elementu nagusi jorratu zituzten arratsaldeko hitzaldian. Batetik, kapitalismoaren barruan kulturaren kontzeptua nola gorpuzten den eta kulturak zein funtzio betetzen dituen landu zuten. Bigarrenik, esperientzia historiko baten inguruan jardun zuten; hain zuzen, proletalgoaren kulturari ekarpena egitea helburu zuen Sobietar Batasuneko esperientziari. Azkenik, masa kulturaren fenomenoaren inguruan jardun zuten.

Aurreneko atalean, kulturaren interpretazio ezberdinak mahaigaineratu zituzten. Hizlarien arabera, "kultura ulertu da ekoizpenaren eta hainbat balioren transmisiorako tresna modura"; hain zuzen, "ekoizpen-sistema kapitalista onartzeko balioen, horren azaleko kritikarako balioen, eta oro har, kapitalismoari baliagarri zaizkion balioen transmisioa".

Ikuskera hori, "ikuskera burgesa" izatetik harago, "langile klaseak ere bere egin duen definizioa" dela azpimarratu zuten hizlariek. "Ikuskera burgesa saiatzen da elementu guztiak era isolatuan aurkezten, haien arteko harremanik gabe", esan zuten; horren aurrean, "langileen ikuskera batzuk kultura gainontzeko elementuekin harremanetan jartzen" ahalegintzen direla azaldu zuten, baina "modu sinple edo mekanikoan" egin izan dutela, "kultura ekoizpenaren ondorio soil modura ulertuz". 

Hizlarien arabera, modu horretan, "mugatu egiten dute kulturaren eragina", "prozesu sozialeko momentu guztietan txertatuta ikusi ordez", eta horrek "aldaketa kulturalak aldarrikatzera eraman gaitzake, ekoizpenaren oinarriak galdegin gabe"; "kapitalismoa harreman sozial gisara ulertzetik urrun, esfera ezberdinak sortuz, horien arteko elkar-eragina sinplifikatuz, eta bere barne logika ulertzea oztopatuz". Horren adibidea da, hizlarien esanetan, "kultura soilik ekoizpen artistikoaren sinonimo gisara ulertzea".

Adibide historikoak

Ekoizpen artistikoaren ordez, hizlarien ustez garrantzitsuena da "langileria adierazteko eta harremantzeko forma berrien" bilaketa. Proletkult izeneko proiektu sobietarrak ulerkera hori zuen oinarri, eta esaterako, kulturaren eta hezkuntzaren arteko batasuna izan zuen helburu. "Langileria protagonista izango zen kultura" jo zuten helmugatzat, "eta ez espektakulua edo alienazioa erreproduzitzen zituen kultura".

Oinarri horiek eztabaida bati egin zioten bide; hain zuzen, arte burgesaren eta honek izan beharreko garrantziaren inguruko eztabaida. Hizlarien esanetan, baziren jarrera ezberdinak gai horretan: arte burgesa guztiz baztertzearen alde egin zuten batzuek, eta arte modu horretatik hainbat elementu erabilgarri zirela argudiatu zuten beste batzuek.

Sobietar Batasunaren hasierako urteetako esperientzia horrek "harreman sozial berriak garatzeko aukerak ireki zituen hezkuntzaren bidez", eta ondorioz, besteak beste, "estetikaren ulerkera berri bat sortu zen". Hor kokatu zuten hizlariek errealismo sozialistaren eginbidea; estilo artistiko bat baino, jarrera bat dena; "kultura berri horren barruan, adierazpen formek duten ezaugarri edo harremanen logika berria", alegia.

Koherentzia

Azkenik, egungo kulturaren inguruan aritu ziren hitzaldian, eta horretarako, 1960ko hamarkadako aldaketa kulturalak aztertu zituzten. Izan ere, garai horretan "kultura demokratizatu" egin zela azaldu zuten hizlariek, "garapen teknikoak adierazpena erraztu eta haren hedapenerako gaitasunak" handitu zituelarik.

Fenomeno horrek "baieztatu egin zuen badagoela kultura eta artea ulertzeko ikuskera itxi bat", hizlarien arabera. Hala, une batetik aurrera, burgesia "adierazpen zehatz batzuk onartzetik, edozein adierazpen onargarritzat jotzera pasatu" zela azaldu zuten, "baldin eta etekin ekonomikoa" sortzen bazuen. Modu horretan "ikuspegi fragmentarioa" indartu zen, "kultura era orokor eta koherentean aztertzea oztopatzen duena".