Kontseilu Sozialista Lea-Artibaik oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua jarri du martxan Lekeition

Aurreneko janari bilketak egin dituzte jada Lekeition. Kontseilu Sozialistako kideen esanetan, bi helburu nagusi ditu oinarrizko produktuen eta elikagaien bankuak: gora doan "pobrezia egoera" orokortuari "erantzun antolatu bat ematea" eta "langileriaren auto-antolakuntza" bultzatzea. Bankuan ekarpena egiteko hainbat modu daudela azaldu dute; hala nola, ekarpen ekonomikoa eginez, elikagaiak bideratuz edota txandak betez.
Argazki Nagusia
Argazkia: Kontseilu Sozialista Lea-Artibai
2021eko urtarrilaren 19a
Kontseilu Sozialista Lea-Artibaik (Bizkaia) abenduan abiatu zuen oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua Lekeition (Bizkaia), aurreneko janari bilketak eginda. Kontseilu Sozialistako kideek adierazi dutenez, "bikoitza" da biltegiaren zentzua. Alde batetik, "krisi egoerak areagotu duen pobrezia egoera" orokortuari "erantzun antolatu bat" ematea bilatzen dute. Azaldu dute Lekeition ere "gero eta familia gehiago" direla "hilabete amaierara" nekez heltzen direnak edo elikagaiek dakarten kostua "murriztu behar dutenak". Hala, funtsezkotzat jo dute "burgesiaren gizarte antolaketa" bera auzitan jartzea eta gainditzea, eta "langileen arteko elkartasuna antolatzeko beharrari" azpimarra egitea.

Oinarrizko produktuen eta elikagaien bankuaren bigarren helburua, aldiz, "langileriaren auto-antolakuntza" sustatzea izango litzateke. "Langileriak orokorrean bizi duen gabezia egoerari aurre egiteko" beharra nabarmendu dute hala Kontseilu Sozialistako kideek, eta "oinarrizko beharrizanen gaineko langile kontrola" aldarrikatu dute. Hain zuzen, horren antolaketan urrats bat egitera dator sortu berri duten bankua.

EKARPENA

Biltegia martxan jarri duten kideek Gabonetan egin zituzten lehenengo bilketak, eta argitu dute ekarpena egiteko hainbat modu daudela gaur egun; esaterako, ekarpen ekonomikoa eginez, elikagaiak bideratuz edo bankuan txandak betez.

Edonolako ekarpenen bat egin edo biltegiko kideekin harremanetan jarri nahi dutenek, ondoko telefono zenbakia erabil dezakete: 688 756 491. Zenbaki horretara Bizum bidez dirua helarazteko aukera badago, eta honako kontu korrontea ere jarri dute abian dirua batzeko: ES48 2100 3938 2001 0032 1575.

Momentuz, Lekeitioko Gamarra kalean kokatu dute oinarrizko produktuen eta elikagaien biltegia, eta bertaratzeko deia egin dute. "Langileriaren autodefentsarako tresna eraginkorra" izateko asmoz sortu dute bankua eta, horretarako, "guztion laguntza beharrezkoa" dela diote biltegian buru-belarri lanean ari diren kideek.