"Komunitatea eratzeko" eta "inplikazio politikoez hausnartzeko" Emakume Sozialisten Topaketak egin ditu Itaiak, Azpeitian

Klase feminismoak orain arte emandako urratsen eta hemendik aurrerako erronken inguruan jardun dute Euskal Herriko txoko ezberdinetako 150 emakume inguruk, bi egunez.
Argazki Nagusia
Emakume Sozialisten Topaketak Azpeitia
2019ko abenduaren 27a

Urtebete pasa da Itaia, Emakume Sozialisten Sarea, sortu zenetik. Ordutik hona, "funtzio ideologikoan eta "genero problematikaren inguruko hausnarketa teoriko-politikoan sakontzen" aritu dira; hori guztia, "emakume langileen emantzipazio prozesu eraginkor baterako beharrezko mekanismoak" sortu asmoz.

Hala, Emakume Sozialisten Topaketak egin ditu Itaiak, aurrenekoz, iragan abenduaren 26an eta 27an. Euskal Herriko hamaika txokotako 150 emakume inguru bildu dira Azpeitian (Gipuzkoa), bi egunez. Topaketen helburuak izan dira, "komunitatea eratzeaz" gain, aurten Itaiak garatutako tesi politikoak aurkeztea eta horien inguruan eztabaidatzea. Bestalde, tesi horiek barnebiltzen duten "inplikazio politiko-praktikoa" ere izan dute mintzagai.

Bi egun eta bide luzea aurretik

Elkar ezagutzarekin ekin zieten topaketei bertaratutako emakumeek, ostegunean. Ondoren, arratsaldean, eztabaidarako tartea zabalduz, hainbat gai landu zituzten; besteak beste, "klase feminismoaren oinarriak, genero problematika, jai eredua eta hipersexualizazioa", edota "jardun erreproduktiboak eta genero zapalkuntza".

Ostiralean, ordea, "militantzia ereduaz eta antolakuntzaz" jardun zuten lehen saioan, eta arratsaldean, aurrera begirako erronkak identifikatzeko eta horiek lortzera bidean sortu beharreko mekanismoen inguruan hausnartzeko mahai ingurua izan zen. Saio horrekin eman zieten amaiera hitzaldiei. Topaketak, aldiz, "emakume langileon emantzipaziorako" bidean duten "borondate politikoa eta konpromisoa" berretsita bukatu zituzten.