Kataluniako langileriari "klase elkartasuna" adierazi diete Euskal Herriko hainbat txokotan

Gazte Koordinadora Sozialistak, Ikasle Abertzaleek eta zenbait eragile lokalek deituta, Euskal Herriko hamaika txokotan egin dituzte mobilizazioak azken egunetan. Hala, Espainiako Estatuaren "errepresioaren aurrean", "borrokan direnei klase elkartasuna" adierazi diete ehunka lagunek, "langile batasuna" oinarri. "Estatu Sozialista eta autodeterminazioa" aldarrikatu dituzte Herrialde Katalanentzat.
Argazki Nagusia
2019ko urriaren 28a

Duela bi aste, milaka pertsonak hartu zituzten kaleak Katalunian, Espainiako Auzitegi Gorenak erreferendumaren auzian erdietsitako ebazpena zela-eta. Gaur gaurkoz indarrean jarraitzen du borrokaldiak, eta etengabeko protesten ondoriozko errepresioak gorriz margotutako zenbatekoak utzi ditu: 600 zauritu baino gehiago, 200 atxilotu baino gehiago, gutxienez 25 espetxeratu, eta Espainiako Estatutik kanporatuak izateko arriskuan dauden bost pertsona.

Hala, Euskal Herrian ugariak izan dira Kataluniako langileriari "klase elkartasuna" adierazteko martxan jarritako ekimenak. Ikasle Abertzaleek deituta, hainbat hezigunetan elkarretaratzeak izan ziren orain dela bi aste. Iragan astean, Kataluniako auziari buruzko irakurketa kaleratu zuen Gazte Koordinadora Sozialistak, eta "Estatu Sozialista eta autodeterminazioa" aldarrikatu zituen Herrialde Katalanentzat, bertan "proiektu politiko kontrajarriak" agerian geratu zirela nabarmentzeaz gain.

Mobilizazioak azken egunetan

GKSk, IAk eta eragile lokalek deituta, azken egunetan mobilizazioak izan dira Euskal Herriko hainbat herritan, ikastetxetan eta campusetan. Asteazkenean eta ostegunean ikastetxeetan egin zituzten elkarretaratzeak, Ikasle Abertzaleek antolatuta; esaterako, Leitzan (Nafarroa), Lekeition (Bizkaia), Goierriko (Gipuzkoa) heziguneetan, Iruñerriko (Nafarroa) ikastetxeetan, Bergaran (Gipuzkoa), edota Arrasaten (Gipuzkoa). Campusetan ere ostegunean izan ziren ikasle antolakundeak deitutako protestak; hain zuzen, Leioan (Bizkaia), Bilbon (Bizkaia), Ibaetan (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa), eta Gasteizen (Araba).

Bestalde, zenbait herritan ere egin dituzte elkarretaratzeak. Ostegunean, ehunka pertsona bildu ziren Iruñeko (Nafarroa) Nabarreria plazan, GKSk, IAk eta Indar Gorrik deitutako mobilizazioan. Tentsio uneak izan ziren Estafeta kalearen amaieran, Poliziak manifestazioa eten zuenean; baita ondoko San Anton kalean ere. Egun berean, Azpeitian (Gipuzkoa) ere elkarretaratzea egin zuten dozenaka gaztek, GKSren, IAren eta Azpeitiko Gaztetxearen deialdiarekin bat eginez. Asteburuan ez dute etenik izan protestek; besteak beste, Donostian (Gipuzkoa), Legution (Araba), Laudion (Araba), Bergaran (Gipuzkoa), Lizarran (Nafarroa), edota Tolosan (Gipuzkoa) izan dira elkartasun keinuak. Gaur, aldiz, Gernikan (Bizkaia) elkartu dira 60 lagun inguru, Errepresioaren aurrean langile batasuna lemapean.