Itaiak 'Gaitasunak antolatu' jardunaldiak egingo ditu ekainaren 12an

Urretxu-Zumarragan izango dira 'Gaitasunak antolatu' jardunaldiak. "Gaitasun teoriko-politikoak eskuratzearen" garrantzia azpimarratu dute Itaiako kideek, "emakume langileok aktibo politiko bilakatzeko" bidean. Aurki aurkeztuko dituzte jardunaldien nondik norakoak Euskal Herriko hainbat tokitan.
Argazki Nagusia
2021eko apirilaren 27a

Prentsaurrekoa egin dute gaur Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistako hainbat kidek, ekainean Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa) egingo dituzten jardunaldien berri emateko. "Emakume langileok aktibo politiko bilakatzeko" bidean urrats modura kokatu dituzte Gaitasunak antolatu izenpean antolatutako jardunaldiak; izan ere, azaldu dutenez, gizarte kapitalistan gaztetatik "kentzen" dizkiete emakume langileei "errealitatea ezagutzeko eta identifikatzeko bitartekoak", eta hainbat faktore eta mekanismo tarteko, "antolakuntza politikorako oztopoak etengabe aurkitzen" dituztela ere azpimarratu du Itaiak. Hortaz, funtsezkotzat jo dute "gaitasun teoriko-politiko horiek eskuratzea", eta bide horretan lanean jarraitzeko prestatu dituzte jardunaldiak.

COVID-19 dela-eta jardunaldiak "nahi eta behar" bezala egiteko "zailtasunak" aipatu badituzte ere, Itaiako kideek esan dute "egungo testuinguruan oraindik eta beharrezkoagoa" dela emakume langileak antolatzea. Beraz, "jardunaldiak aurrera ateratzeko bitartekoak sortzeko" baina osasun-egoerari dagokionez ahalik eta "modu arduratsuenean" egiteko konpromisoa erakutsi dute.

Gaitasunak antolatu jardunaldien nondik norakoak azaltzeko aurkezpenak egingo ditu Itaiak Euskal Herriko hamaika txokotan eta, gaurtik aurrera, sare sozialen bitartez argitaratuko du jardunaldiei buruzko informazio guztia.



Iruzkinak

Ez dago iruzkinik