Gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, indarkeria matxistaren kontrako borroka plazara atera dute Euskal Herriko txoko ugaritan. Azken egunotan, hamaika bazter hartu ditu auziaren inguruko lanketak, hausnarketa eta eztabaida oinarri. Gaur ere, goizetik hasita, biolentziaren eta harremanen inguruko eztabaidak eta hitzaldiak izan dira nagusi hainbat hezigunetan, eta elkarretaratzeak ere egin dituzte ikasleek.
Gipuzkoan, esaterako, Donostian, Azpeitian, Bergaran, Arrasaten, Hernanin, Tolosan, Irunen, Hondarribian, Lazkaon, Beasainen, Ordizian edota Ibaetako campusean egin dituzte mobilizazioak eta paroak ikasleek; Bizkaian, Gernikan, Lekeition, Basaurin, Durangon, Derion, Leioako campusean, Bilboko Sarriko fakultatean edota Deustuko Unibertsitatean; Araban, Gasteizen, Laudion eta Gasteizko Campusean; eta Nafarroan, Lizarran, Leitzan, Altsasun, Etxarri Aranatzen, Iruñean edota Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikasle Abertzaleek zein tokian tokiko emakume talde eta eragileek egin dituzte deialdiak, eta besteak beste, "klase batasuna" aldarrikatu dute "indarkeria matxistaren aurrean". Arratsaldean ere elkarretaratzeak izango dira Euskal Herri osoan zehar, talde feminista eta eragile lokalen eskutik.
Barrenetatik, kausara eta esku hartzera
Itaia
Emakume Sozialisten Sareak adierazpen politikoa argitaratu du gaur, Azaroaren 25aren harira. Biolentzia-forma desberdinen jatorriari, "zergatiari eta testuinguruari" erreparatzera dei egin dute, hala. "Matxismoaren, biolentzia matxistaren edota genero biolentziaren
definizioa bilatzean, aurkitzen dugun informazio bakarrak, biolentzia
forma horren tipologiari edo ondorioei soilik erreparatzen" diola salatu dute: "Bizi dugun biolentzia forma nolakoa den eta zein ondorio
dituen azaltzetik harago, azalpena merezi duena, horren kausa da". Izan ere, azaldu dute, "emakume langileok gure azalean bizi" dugula "biolentzia matxista", egunerokotasunean; hala nola, "aitortza politikorik ez izateagatik gure iritzia kontuan ez hartzea, bortxatu gaituen gizona kalean gurutzatzea, besteen onarpenerako estetika jakin bat mantendu behar izatea, kaletik bakarrik beldurrez joatea, edota haurdun egonda lanetik botatzea".
Beraz, "biolentzia matxistak fenomeno sistematiko gisara erantzuten dien interesak" aztertzeko beharra azpimarratu dute, baita berau "borrokatzeko forma topatzekoa" ere. Biolentzia matxistak "botere estrukturala mantentzeko helburua" duela diote; hau da, "botere burgesa bermatzekoa". "Emakumea subjektu debaluatua izateak alde batetik, eskulan merke gisara tratatzeko aukera ematen dio burgesiari, ateratzen duen onura handiagoa bilakatuz. Bestetik, sistemaren biziraupenerako beharrezkoak diren eta etxean dohainik egiten ditugun erreprodukzio lan asko emakumeongan jausten dira, horren kostuak kapitalari aurreztuz", adierazi dute. "Biolentzia matxistak kapital metaketa maila handienean emateko mekanismo ideologiko gisa jarduten" duela nabarmendu dute hala, baita "banaketa soziala bultzatu" eta "langileon aurkako etsaitasunak sortzen" dituela ere.
Emakumeei "biolentzia egoera horiek biziarazten" dizkietenak "estatu aparatuak" zein "klase menderatzaileak" sortutako "figura diziplinarioak" direla ere azpimarratu dute; esaterako, indar polizialak, hezkuntza sistema edota justizia burgesa aurreneko multzoan, eta "etxean giltzapeturik gaituen senarra, lanean manipulatu eta mehatxatzen gaituen enkargatua, tabernan etengabe mehatxuz begira daukaguna" bigarrenean. Dena den, argitu nahi izan dute emakume guztiek ez dutela "subordinazio prozesu bera jasaten": "Klaseek osaturiko gizartean errealitate soziala desberdina da emakume burges edo emakume langilearentzat, bai prebentziorako mekanismoetan, bai erantzuteko aukeretan ere".
Horrek guztiak "antolakuntza komunistan" duen ondorioa ere aipatu dute; izan ere, Itaiako kideen esanetan, "biolentzia matxistak
betetzen duen funtzioak langileoi lapurturiko
gainbalioa handitzean eta berau sozialki bermatzeko edozein
antolakuntza komunistaren oztopatzean datza". Hala, "matxismoaren aurkako borroka lehen lerrora" eramatera dei egin dute, "biolentzia matxistaren kausak azaleraziz, figura diziplinarioak identifikatuz eta horiek borrokatzeko mekanismoak sortuz, biolentzia matxista esentzian daramaten testuinguruak desagerraraziz, eta emakume langileon eguneroko bizi baldintzak hobetzeko tresnak sortuz". "Langileon ardura historikoari men eginez, desjabetuon batasuna artikulatzeari ekin behar diogu", gehitu dute.
Irakurri Itaiaren adierazpen politikoa osorik, hemen
Hamaika helduleku datozen egunetan
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna gaur bada ere, datozen egunetan, borrokak, hausnarketak eta irakaspenak ereiten jarraituko dute hainbat lekutan. Hona hemen aste honetarako egin dituzten hainbat deialdi:
AZAROAK 26, ASTEARTEA
BIZKAIA
AZAROAK 27, ASTEAZKENA
BIZKAIA
ARABA
AZAROAK 29, OSTIRALA
GIPUZKOA
Hona hemen gaurko irudi batzuk, argazki galerian: