Indarkeria matxistaren aurkako borroka kaleratu dute gaur

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna da gaur, eta goizetik hasita, hamaika txokotan izan dira hausnarketa saioak eta mobilizazioak. Besteak beste, "klase batasuna" aldarrikatu dute "indarkeria matxistaren aurrean". Arratsaldean ere elkarretaratzeak izango dira Euskal Herri osoan barrena, eta datozen egunetan ez du etenik izango biolentziaren, autodefentsaren edota harremanen inguruko lanketak. Itaia Emakume Sozialisten Sareak "matxismoaren aurkako borroka lehen lerrora" eramatera dei egin du gaur; "biolentzia matxistaren kausak azaleraziz, figura diziplinarioak identifikatuz eta horiek borrokatzeko mekanismoak sortuz, biolentzia matxista esentzian daramaten testuinguruak desagerraraziz, eta emakume langileon eguneroko bizi baldintzak hobetzeko tresnak sortuz".
Argazki Nagusia
Argazkia: GUET
2019ko azaroaren 25a

Gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, indarkeria matxistaren kontrako borroka plazara atera dute Euskal Herriko txoko ugaritan. Azken egunotan, hamaika bazter hartu ditu auziaren inguruko lanketak, hausnarketa eta eztabaida oinarri. Gaur ere, goizetik hasita, biolentziaren eta harremanen inguruko eztabaidak eta hitzaldiak izan dira nagusi hainbat hezigunetan, eta elkarretaratzeak ere egin dituzte ikasleek.

Gipuzkoan, esaterako, Donostian, Azpeitian, Bergaran, Arrasaten, Hernanin, Tolosan, Irunen, Hondarribian, Lazkaon, Beasainen, Ordizian edota Ibaetako campusean egin dituzte mobilizazioak eta paroak ikasleek; Bizkaian, Gernikan, Lekeition, Basaurin, Durangon, Derion, Leioako campusean, Bilboko Sarriko fakultatean edota Deustuko Unibertsitatean; Araban, Gasteizen, Laudion eta Gasteizko Campusean; eta Nafarroan, Lizarran, Leitzan, Altsasun, Etxarri Aranatzen, Iruñean edota Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikasle Abertzaleek zein tokian tokiko emakume talde eta eragileek egin dituzte deialdiak, eta besteak beste, "klase batasuna" aldarrikatu dute "indarkeria matxistaren aurrean". Arratsaldean ere elkarretaratzeak izango dira Euskal Herri osoan zehar, talde feminista eta eragile lokalen eskutik.

Barrenetatik, kausara eta esku hartzera

Itaia Emakume Sozialisten Sareak adierazpen politikoa argitaratu du gaur, Azaroaren 25aren harira. Biolentzia-forma desberdinen jatorriari, "zergatiari eta testuinguruari" erreparatzera dei egin dute, hala. "Matxismoaren, biolentzia matxistaren edota genero biolentziaren definizioa bilatzean, aurkitzen dugun informazio bakarrak, biolentzia forma horren tipologiari edo ondorioei soilik erreparatzen" diola salatu dute: "Bizi dugun biolentzia forma nolakoa den eta zein ondorio dituen azaltzetik harago, azalpena merezi duena, horren kausa da". Izan ere, azaldu dute, "emakume langileok gure azalean bizi" dugula "biolentzia matxista", egunerokotasunean; hala nola, "aitortza politikorik ez izateagatik gure iritzia kontuan ez hartzea, bortxatu gaituen gizona kalean gurutzatzea, besteen onarpenerako estetika jakin bat mantendu behar izatea, kaletik bakarrik beldurrez joatea, edota haurdun egonda lanetik botatzea".

Beraz, "biolentzia matxistak fenomeno sistematiko gisara erantzuten dien interesak" aztertzeko beharra azpimarratu dute, baita berau "borrokatzeko forma topatzekoa" ere. Biolentzia matxistak "botere estrukturala mantentzeko helburua" duela diote; hau da, "botere burgesa bermatzekoa". "Emakumea subjektu debaluatua izateak alde batetik, eskulan merke gisara tratatzeko aukera ematen dio burgesiari, ateratzen duen onura handiagoa bilakatuz. Bestetik, sistemaren biziraupenerako beharrezkoak diren eta etxean dohainik egiten ditugun erreprodukzio lan asko emakumeongan jausten dira, horren kostuak kapitalari aurreztuz", adierazi dute. "Biolentzia matxistak kapital metaketa maila handienean emateko mekanismo ideologiko gisa jarduten" duela nabarmendu dute hala, baita "banaketa soziala bultzatu" eta "langileon aurkako etsaitasunak sortzen" dituela ere.

Emakumeei "biolentzia egoera horiek biziarazten" dizkietenak "estatu aparatuak" zein "klase menderatzaileak" sortutako "figura diziplinarioak" direla ere azpimarratu dute; esaterako, indar polizialak, hezkuntza sistema edota justizia burgesa aurreneko multzoan, eta "etxean giltzapeturik gaituen senarra, lanean manipulatu eta mehatxatzen gaituen enkargatua, tabernan etengabe mehatxuz begira daukaguna" bigarrenean. Dena den, argitu nahi izan dute emakume guztiek ez dutela "subordinazio prozesu bera jasaten": "Klaseek osaturiko gizartean errealitate soziala desberdina da emakume burges edo emakume langilearentzat, bai prebentziorako mekanismoetan, bai erantzuteko aukeretan ere".

Horrek guztiak "antolakuntza komunistan" duen ondorioa ere aipatu dute; izan ere, Itaiako kideen esanetan, "biolentzia matxistak betetzen duen funtzioak langileoi lapurturiko gainbalioa handitzean eta berau sozialki bermatzeko edozein antolakuntza komunistaren oztopatzean datza". Hala, "matxismoaren aurkako borroka lehen lerrora" eramatera dei egin dute, "biolentzia matxistaren kausak azaleraziz, figura diziplinarioak identifikatuz eta horiek borrokatzeko mekanismoak sortuz, biolentzia matxista esentzian daramaten testuinguruak desagerraraziz, eta emakume langileon eguneroko bizi baldintzak hobetzeko tresnak sortuz". "Langileon ardura historikoari men eginez, desjabetuon batasuna artikulatzeari ekin behar diogu", gehitu dute.

Irakurri Itaiaren adierazpen politikoa osorik, hemen

Hamaika helduleku datozen egunetan

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna gaur bada ere, datozen egunetan, borrokak, hausnarketak eta irakaspenak ereiten jarraituko dute hainbat lekutan. Hona hemen aste honetarako egin dituzten hainbat deialdi:

AZAROAK 26, ASTEARTEA

ARABA

  • GASTEIZKO CAMPUSA. Autodefentsa tailerra. 11:00etan, Magisteritza Fakultatean. GUETen deialdia.
  • GASTEIZ. Emakumeonganako biolentziaz hausnartzen hitzaldia, Gasteizko mintegi politikoen barruan. 18:00etan, Landatxon.

BIZKAIA

  • GERNIKA. Gernikako Institutua. Gure arteko merkantilizazioa hitzaldia. 11:30ean. Ikasle Abertzaleen eta Egurre gazte asanbladaren deialdia.

AZAROAK 27, ASTEAZKENA

BIZKAIA

  • GERNIKA. Gernikako Institutua. Gure arteko merkantilizazioa (2) hitzaldia. 11:30ean. Ikasle Abertzaleen eta Egurre gazte asanbladaren deialdia.

ARABA

  • GASTEIZ. Mahai ingurua: adinekoentzako egoitzetako langileak, EHUko garbitzaileak eta emakume pentsionistak. 11:00etan, Elurretan. GUETen deialdia.
AZAROAK 28, OSTEGUNA

BIZKAIA

  • LARRABETZU. Autodefentsa tailerra. Hori Bai gaztetxean.
  • GERNIKA. Klase feminismoaren oinarriak hitzaldia. 17.00etan, Astran. Ikasle Abertzaleen eta Egurre gazte asanbladaren deialdia.
  • DERIO. Nekazaritza Eskola. 10:15etan, Biolentziaren inguruan hausnartzen hitzaldia. 11:15etan, Indarkeria matxistaren aurka, klase batasuna elkarretaratzea. Ikasle Abertzaleen deialdia.
  • LEIOAKO CAMPUSA. Autodefentsa tailerra. 13:00etan, Mikel Laboan. Hainkaren deialdia.

AZAROAK 29, OSTIRALA

GIPUZKOA

  • IRUN. Emakume langileon aurkako erasoak; zer eta nola jasaten dugu? saioa. 17:00etan, Mosku plazan.
  • IBARRA. Emakume langileonganako biolentziaz eta autodefentsaz hausnartzen hitzaldia. 17:00etan, Ibarrako Gaztetxean.
  • ANOETA. Nolako harremanak eraiki nahi ditugu? saioa. 17:15etan, Anoetako Gaztetxean.
  • TOLOSA. Emakumeon aurkako biolentziaren aurrean, guk zer? saioa. 19:00etan, Ezpala gaztetxean.

Hona hemen gaurko irudi batzuk, argazki galerian: