AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/21 20:57

Uztaila bete-betean, ikasturtearen "balorazio politiko orokorra" argitaratu du Gazte Koordinadora Sozialistak. Hala, 2019-2020 ikasturtean "martxan jarritako lan-lerroen zentzua azaldu" eta lantzen ari diren "norabide politikoa aurkeztu" dute GKSko kideek.

Alde batetik, "prozesu sozialistaren garapenerako gaitasunen antolaketan", haien ekarpena egin eta "zenbait esparru jorratu" dituztela adierazi dute. Adibide modura aipatu dituzte, besteak beste:

  • Lan-egunak: "jardun politikoa posible egiteko bidean, behar tekniko zein azpiegitura-beharrak asetzeko balio izan digute". "Lotura estuan" antolatu zuten aurtengo Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea ere, Legution (Araba), "dimentsio handiko lan-prozesu bat gauzatzeko". Dena den, COVID-19aren agerpenak sortutako egoera medio, bertan behera gelditu zen.
  • Mintegiak: "formakuntza teorikora bideratutako" saioak. Militanteek "gaitasun teorikoak eskuratzeko eta garatzeko" tresna "teorikoak" lantzea izan da asmoa.
  • Herrialde mailako topaketa sozialistak: "eskualde ugaritako jendea elkartzeko" eta "koiunturako zenbait auziren gainean eztabaidatzeko" baliagarriak izan direla azpimarratu dute.

GKSk "estrategia sozialistaren gauzapenerako bitarteko" gisa kokatu ditu lan-lerro horiek. "Indarren mugen" jakitun izan arren, "garrantzia handia" eman dio "indar metakaterako lan-lerroen nolakotasunari", "helburuek eta bitartekoek eskutik" joan beharra dutela ulertuta. Kasu honetan, koordinadoratik martxan jarritako lan-lerroen "zentzu politikoa" ondorengoan datzala nabarmendu dute: "independentzia politikoz diharduen mugimendu sozialista zabal bat gorpuzteko bitarteko tekniko, teoriko eta kulturalak izatean".

Bestalde, GKSko kideek uste dute aipatutako guztiak "politika egiteko eredu jakin bat aurresuposatzen" duela, "egun indarrean dagoen eredu burges-performatiboari kontrajartzen zaiona: "politika eredu sozialista", hau da, "sozialismoaren eraikuntzarako beharrezko indar sozialen antolaketa posible egiten duen eredua". "Botere burgesak garai bakoitzera ondoen egokitzen den politika eredua garatzen duen bezala, botere sozialista antolatuak bere eredu propioa garatu behar du, hasieratik".

Politika eredu burgesaren ezaugarri modura aipatu dituzte, esaterako: "alderdi politiko-instituzionalen monopolioa"; "aparatu politiko-administratiboak gizarteko masa zabalen kontrolpetik ihes egitea eta enpresarien mesedera egotea"; "eztabaida eta arrazoia erabili beharrean, gezurra eta manipulazioa gailentzea"; "eskubide eta askatasunen bermerik eza"; "korrupzio politiko eta morala", eta abar.

Konfinamendu garaian, ildo horretatik jarri zuten martxan Burgesiaren ofentsiba gelditu! kanpaina politikoa: "Botere erregimen burgesa eta bere gobernantza eredua jarri nahi izan genituen jopuntuan". "Burgesia handiak egoeraren gaineko zuzendaritza guztia hartu eta ofentsiba ekonomiko-politikoa abiarazi" zuela iritzita, "askatasun politikoen defentsa egin" eta "jakintza zein bitarteko teknikoak antolatu" zituen GKSk, langileriaren sektore "zaurgarriena" babestea helburutzat hartuta.

BARNE-PROZESUA

Bigarrenik, "egungo testuinguruaren gaineko azterketan eta gazte problematikan esku hartzeko bide-orrian sakondu" dute GKSko kideek, kongresu gisa ezaugarritu den barne-prozesu baten bidez. Prozesu horretatik erdietsitako gakoetako bat da "bizi dugun proletarizazioaren inguruko tesi politikoa", hiru faktore kontuan hartuta: "krisi kapitalistaren hedapena, ekoizpen moduan ematen ari den iraultza teknikoa eta Europaren gainbehera inperialista".

"Proletariotza subjektu politiko gisa baztertzen duen paktu sozial berri baten aukeraren aurrean, tradizio sozialistaren tesi politikoak eguneratu eta optika proletariotik landutako bide-orri sozialista jorratzeko hautua egiten dugu", adierazi dute.

GAZTE PROBLEMATIKA AZTERGAI

"Botere burgesaren teoria integral baten oinarrizko kontzeptu bati jarraituz" definitu dute gazte problematika, "botere modalitate horren funtzio zehatz gisa". Azaldu dutenez, "burgesiaren botere ekonomikoa handitzeko eta bere botere erregimena erreproduzitzeko bitarteko gisa eraikitzen da gazteriaren bizitza", hainbat funtzio barne hartzen dituelarik:

  • Funtzio ekonomikoa: "gazte langileen lan-indarra debaluatzen delako".
  • Funtzio despolitizatzailea: "botere erregimen burgesa osotasun gisa zalantzan jartzen ez duen gazteriaren izateko modu hegemonikoa eraikitzen duelako".
  • Egiturazko funtzioa: "krisi kapitalistak zeharkatutako testuinguruan, gizartearen modernizazioa eta berrantolaketa prozesua emateko esku-hartze gune gisa funtzionatzen duelako gazteriak".

"Botere burgesa higatzeko eta botere sozialista indartzeko" bidean, "funtzio-mapa horretan esku-hartzea" beharrezkotzat jo du GKSk. "Zentzu horretan, Euskal Estatu Sozialistaren norabidean pausoak ematen joateko, beharrezkoa da hori posible egingo duten indar metaketa eta mobilizazio ereduak garatzea".

Hortaz, "optika proletarioan oinarritutako gatazkak irekitzea" funtsezkoa dela diote, "gazte esparruan": "Gazteria proletarioaren bizitzako esparru guztien antolaketa burgesak dakartzan pobrezia eta subordinazio politiko zein moralaren aurrean, printzipio sozialista askatzaileetan oinarritutako mugimendu indartsua antolatu behar dugu". Azpimarra egin diote "programa sozialista historikoaren gaurkotasuna, eraginkortasuna eta beharrezkotasuna erakusteko erronkari", beraz.

Ikasturte honetan, laburbilduz, "gaitasun organizatibo, tekniko eta analitikoak sendotzen eta horien hazkuntzarako ereduak fintzen" jardun dute GKSko militanteek. "Hemendik aurrera ere norabide berean jarraituko dugu".