Ikasle Abertzaleakek salbuespen egoera salatu eta hezkuntza eremuari dagozkion aldarrikapenak egin ditu

GKSren salaketa kanpaina politikoa eta egoeraren analisia bere egiten dituela jakinarazi du IAk, eta "burgesiaren ofentsiba politikoari aurre egiteko konpromiso osoa" adierazi du alarma egoeraren aurrean. Ikasleria langileak egoera horrek sortutako zailtasun guztiei "aurre egin beharko diela" azaldu dute IAko kideek, tartean, selektibitatea atzeratu izana edota Lanbide Heziketako ikasleen praktikaldien ziurgabetasuna. GKSren kanpaina politikoarekin bat egin eta parte hartzeko deia luzatu diete hezkuntza komunitateko gainontzeko eragileei.
Argazki Nagusia
2020ko martxoaren 25a

Gaur, hilak 25, Ikasle Abertzaleakek ohar bidez bere atxikimendua adierazi dio Gazte Koordinadora Sozialistak alarma egoeraren aurrean abiatutako salaketa kanpaina politikoari. Bizi dugun egoeraren inguruan GKSk egindako analisia partekatzen duela azaldu du, eta ondorioz, mundu mailako osasun larrialdiarekin batera garatzen ari den burgesiaren ofentsiba politikoari "aurre egiteko konpromiso osoa" erakutsi du.

Alarma egoera, larrialdiari ahalik eta era eraginkorrenean aurre egiteko tresna neutroa baino, "salbuespen egoera bat dela" nabarmendu dute IAko kideek, "goi-burgesiari bere interesak babesteko eta langileriaren gaineko ofentsiban sakontzeko aukera" eman diona. Egoeraren kudeaketan, gainera, "enpresa handien eta banketxeen esku-hartze zuzena" izan dela gaitzetsi dute.

Bestalde, azken asteotan burgesia "plusbalioaren erauzketaren erreprodukzioa etetea saihestu nahian" dabilela salatu du IAk, itxialdiaren neurriekin "antolaketa politiko oro ezinezko egin duten bitartean". Polizia indarrek eta militarrek hori bermatzeko kalea hartu dutela ere gogorarazi dute.

ERAGINAK HEZKUNTZA ESPARRUAN

Bi aste igaro dira Arabako campusa nahiz Gasteizko (Araba) ikastetxeak itxi eta neurri berdinak Euskal Herriko hezigune guztietara zabaltzen hasi zirenetik. Zentzu horretan, gertakarion eragina hezkuntzan "nabarmena" izan dela dio ikasle antolakundeak. Hezkuntza eremua "plusbalioaren erauzketarako garrantzitsua ez denez", neurriek eragina izan duten “"ehenengo esparruetako bat" izan dela arrazoitu du.

IKASLERIA LANGILEAREN ZAILTASUNAK

Unibertsitatean zein bigarren hezkuntzan ikasketa prozesuarekin jarraitzeko "zailtasun nabariak" identifikatu dituzte, bestalde. Heziguneetatik internet bidezko irakaskuntza martxan jartzen saiatu diren arren, horrek dituen berezko mugak "begi bistakoak" direla diote IAko kideek. Gainera, ikasle sektore proletarizatuek sufritzen duten arrakala digitalak muga horiek "areagotzen" dituelakoan daude. Ikasketa prozesuaren antolaketa "asko zaildu dela" ere ohartarazi dute, ikasleek aurkitzen duten "informazio falta" dela-eta. Azterketen eta ebaluazio irizpideen nolakotasunaren inguruan dauden zalantzek sortzen duten "ziurgabetasuna" jarri dute adibide gisara.

Lanbide Heziketako ikasleen egoera ere antzekoa dela diote, izan ere, praktikaldiak bertan behera utzi ostean ikasleek ez dakite etendako praktikak kalifikaziorako ontzat emango dituzten ala ez.

Selektibitatea atzeratu izana ere seinalatu du IAk. Unibertsitaterako sarbide frogek eragin ohi duten urduritasun eta ezinegonari "aurtengo egoera zaila gehitu beharko zaiola" aurreikusi du. Baxoari dagokionez, berau atzeratzeko erabakia oraindik hartu ez den arren, "berandu baino lehen hori ere atzeratuko dela" uste du. Ikasturtearen balizko luzatzeak eta azterketak uda garaian egiteak euren ikasketak ordaintzeko udan lan egin behar duten ikasleei "zuenean eragingo diela" azpimarratu du, "ikasleria langilearen sektore proletarizatuenei, beste behin".

ANTOLAKUNTZAREN DEBEKUA

Antolaketa politiko oro ezinezko bihurtu den uneotan, EHUko garbitzaileen kasua esaguratsua dela dio IAk, izan ere, "greba bertan behera uztera behartuak izan ziren garbitzaileak birusaren aitzakipean". Halako kasuak, alarma egoeraren albo-kalte izatetik urrun, "salbuespen egoera beraren helburu" direla azpimarratu du, "krisi garaian burgesiaren posizio ekonomiko eta politikoak hobetzeko esku-hartze zuzenean baitatza salbuespen egoera".

ALDARRIKAPENAK

Egoera horren aurrean, IAk hiru exijentzia mahaigaineratu ditu: lehenbizi, osasun larrialdiari dagokion informaziorik ez ezkutatzea eta egia osoa azaltzeaz gain, "airean dauden ebaluazio irizpide eta data guztiak lehenbailehen finkatzea"; bigarrenik, unibertsitateek, ikastetxeek eta gobernuek ikasle langileen ikas baldintzak okertu ez daitezen "beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea"; eta azkenik, hezkuntza esparruan hartzen diren erabaki guztietan "ikasleria langilearen interesen ordezkaritza bere antolakundeen bidez bermatzea".