AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/05/01 17:59

Gaur, maiatzaren lehena, Langileriaren Nazioarteko Egunean, Ikasle Abertzaleakek ohar bat argitaratu du egoeraren inguruan analisia aurkezteko eta bere printzipioetan berresteko. Izan ere, urtero borroka eguna izan ohi dena “salbuespen egoerak” harrapatu duela gogorarazi du ikasle antolakundeak. Covid-19aren testuinguruan “burgesiak dekretatu duen alarmak etxean sartzera" derrigortzen du. Ondorioz, aldarrikatzeko era moldatu behar izan duela aitortu du IAk. Halere, mamiak bere hortan dirauela dio: sozialismoaren aldarriak egungo egoeran “gaurkotasun osoa duela”.

Sistema kapitalista 2008ko krisialditik guztiz osatu gabe atera dela ekarri dute gogora ikasle antolakundetik. Gainera, adierazle ekonomiko gehienei erreparatuta, ate joka den krisialdi-depresioa gogorragoa izan daitekeela” aurreikusten du IAk. “Langileriaren baldintza materialen okertzea orokorra” eta “proletarizazio prozesua” puri-purian aurkitzen direla ohartarazi du. Hori gutxi balitz, alarma egoerarekin batera “ezkutuan ezarritako salbuespen egoerak askatasun politiko ugari eten ditu”. Biltzeko eskubidea, propaganda egiteko aukera edo soldatapeko lanaren erailketak salatzeko aukera ukatuak zaizkiela salatu dute IAko kideek. Salbuespen egoeran zehar “goi-burgesiaren eskuhartze zuzena ezarri dela argudiatu dute, eta antolamendu sozial kapitalistaren biziraupenaren zama “langile klasearen bizkarrean” jausiko dela berau kolokan ikustean.

KRISIA HEZKUNTZAN

Espainiako eta Frantziako Estatu burgesek abiarazitako azken erreformak “aurreko krisi fasearen ajeak” direla dio IAk. Heziberri eta LOMCE bezalako erreformak azken urteetan “heziguneen funtzio ideologiko-erreproduktibo burgesa indartzeagatik” nabarmendu direla ekarri du gogora. Ikasleria langilea krisi berriaren atarira “egoera makurrean iritsi dela” azaldu dute, burgesia “bere posizioak indartutaatera den bitartean. Horrela, larrialdiak hezkuntza instituzioei ahalik eta gutxien eragiteko helburuarekin, “ikasleen eskubideak murriztu eta gainean duten pisua handitzeko” balio izan duela seinalatu dute. Izan ere, “ikasleria langilearen gaineko kontrola areagotu” egin da IAren ustez, eta ezohikotasun aldia “hezkuntzaren gaineko kontrol burgesean sakontzeko baliatu da.

OFENTSIBARI AURRE

IAk azaldu duenez, “basakeria kapitalistari aurre egitea” dagokie datozen urteetan, hots, “ofentsiba kapitalistaren gorpuztea neutralizatzea”. Ondorioz, ezinbestekotzat jo du “defentsa antolatzea”. Horretarako,klase independentzian eta klase batasunean” jartzen dute uste osoa, eta ez “langileei uneoro saldu nahi dieten balizko batasun interklasistan”. Sozialdemokraziaren espresio ezberdinek gizarte guztiaren batasunaren alde egin duten apologiak “Estatu burgesaren zuritzea” dakarrela ohartarazi dute IAko kideek, eta krisia gainditzeko aurkera bakarra bailitzan aurkeztu den arren, “faltsua dela”.

EUSKAL ESKOLA NAZIONALA

Hezkuntza-sistema kapitalistaren baitan “oldarraldia” gauzatzen ari dela azpimarratu du IAk, eta berau geratzeko borroka “Euskal Eskola Nazionala elikatzera” bideratu behar dela. Hezkuntzaren gaineko “langileriaren kontrol gaitasuna handitzea” ezinbesteko premisa dela ikusten du ikasle antolakundeak; hezkuntza eta ikasketa prozesua “burgesiaren irabazi dinamikarekiko menpekotasunetik askatzeko” eta “langileriaren interesen arabera antolatu ahal izateko”.

EUSKAL ESTATU SOZIALISTA

Eszenatoki berri batean egon arren, “Euskal Estatu Sozialistak zentzurik galdu ez duela” mahaigaineratu dute IAko militanteek. Are gehiago, “kapitalismoaren miseria geroz eta nabarmenagoa” den honetan, sozialismoaren aldeko jarduna “inoiz baino zeregin larriagoa dela” diote. Ildo beretik, gaurko egunak langile klasearentzat daukan garrantzia historikoa ekarri dute gogora. Horrenbestez,sozialismoagatik bizitza eman duen ororekiko justiziaz” eta “basakeria kapitalista sufritzen duten guztiengatik” jendarte sozialista eraikitzeko determinazioa azaldu dute.