Hilaren 26ko greba deialdia bertan behera utzi behar izan du IAk, ikastetxeen eta unibertsitateen jardueraren etetea dela-eta

Itxita daude Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ikastetxeak eta unibertsitateak. Beraz, "greba behar den bezala egiteko inolako baldintzarik ez dagoela" ikusita, Ikasle Abertzaleakeko kideek bertan behera utzi dute martxoaren 26rako deitu zuten ikasle greba. "Gertakarien bilakaera arretaz jarraituko" dutela eta "datozen hilabeteetan deialdi berri bat egiteko" aukera aztertzen ari direla nabarmendu dute. Bestalde, babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete hezkuntzako garbitzaileei, haien greba bertan behera uztera derrigortu baitituzte.
Argazki Nagusia
2020ko martxoaren 13a

Covid-19 birusaren kutsatzea ekiditeko neurri modura, itxi egin dituzte Hego Euskal Herriko ikastetxeak eta unibertsitateak. Hortaz, Ikasle Abertzaleakek bertan behera utzi du martxoaren 26rako deitu zuen ikasle greba, "greba behar den bezala egiteko inolako baldintzarik ez dagoela" iritzita.

"Gertakarien bilakaera arretaz jarraituko" dutela eta "egoeraren araberako neurriak hartuko" dituztela adierazi dute IAko kideek. "Gaur-gaurkoz, ez dugu baztertzen greba deialdi berri bat egitea datozen hilabeteetan", gaineratu dute.

Doako hezkuntza

Tasak merketu, bekak hobetu lelopean deitu zuen greba IAk, hezkuntza prozesuaren doakotasunaren aldeko borrokan urratsak egin asmoz. Unibertsitateetako, bigarren mailako hezkuntzako zein lanbide heziketetako ikasleei zuzendutako deialdia zen.

Elkartasuna garbitzaileekin

Bestalde, atzo argitaratutako adierazpenean, IAk "babesa eta animoa helarazi" zizkien hezkuntzako garbitzaileei: "Azken bi asteetan ikasleokin batera garatu duten greba eta mobilizazio eredugarrien ondoren, greba bertan behera uztera derrigortu dituzte".

Hala, garbitzaileen "greba eskubidea urratua" izan dela salatu dute IAko kideek. "Grebaren harira azken asteetan praktikan jarri den ikasleen eta garbitzaileen arteko elkartasunak erakusten digu aurrera egiteko bidea", diote.