AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/09/15 10:50

Gaurkoa greba eguna izan da EAEko hezkuntzan, eta milaka ikasle langile atera dira kalera Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa) eta Gasteizen (Araba). Ikasle Abertzaleak antolakundeak unibertsitatean, bigarren hezkuntzan eta lanbide heziketan deitu zituen ikasleak grebara, eta hiriburuetako mobilizazioetan elkartu dira guztiak. Unibertsitateko hainbat eragilek ere bat egin dute gaurko deialdiarekin, besteak beste, GUETek, Arrakalak edota Unibertsitateko Indar Batasunak.

Goizean goiz hasi dira pikete informatiboak Gasteizko, Leioako (Bizkaia), Bilboko eta Ibaetako (Donostia) campusetan. Hala, eskuorriak banatu dituzte ikasleen artean, grebara jotzeko arrazoiak azalduz eta batzeko deia eginez. Bigarren hezkuntzako hainbat ikastetxetan zutabeak antolatu dituzte ikasleek, esaterako, Gasteizko Los Herran, Unamuno eta Ekialdea ikastetxeetan.

11:00ak baino lehen bildu dira hainbat eta hainbat ikasle Bilboko Sarriko fakultatean, Ibaetako aularioan eta Gasteizko campuseko Elurretan. Handik gutxira abiatu dira hiru manifestazioak, Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! aldarri nagusitzat hartuta. "Hezkuntzaren gaineko langile kontrola", "Gora ikasle langileon borroka" edota "Langileon mendekua prozesu sozialista" izan dira maiz entzun diren oihuetako batzuk.

Gasteizko ikasleek jakinarazi dutenez, une batean, manifestazioa eten eta moztu du Ertzaintzak. Gazte bat identifikatzen saiatu dira, baina ez dute lortu.

LANGILE KONTROLA

"Auzia kapitalaren mendeko hezkuntzan edo langileon kontrolpeko hezkuntzan" datzala adierazi dute gaur IAko kideek, eta bizitzen ari garen "ofentsiba burgesaren aurrean", "hezkuntza sozialista eraikitzearen" alde egin dute.

Bilbon, Bizkaia aretoaren parean amaitu dute ibilbidea ikasleek. Gasteizen Letren fakultatean eman dute amaitutzat manifestazioa, eta Donostian, Ibaetako campusean bertan. Iruñean (Nafarroa) iluntzean egingo dute elkarretaratzea; hain zuzen, 20:00etan bilduko dira Hezkuntza Delegaritzaren aurrean.

ESKAKIZUN ZEHATZAK

IAk klase presentzialak etetea galdegin zuen greba deitzean, eta beste hiru eskaera zehatz egin zituen. Unibertsitateko Indar Batasunak ere hamabi eskakizun aurkeztu zituen grebari lotuta, "unibertsitateko langile sektoreen baldintza materialen defentsan".

IKUSI ARGAZKI GUZTIAK GEDAR LANGILE KAZETAREN FLICKR KONTUAN