AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/10/15 16:35

Egungo koiunturaren gaineko irakurketa politikoa argitaratu du gaur Gazte Koordinadora Sozialistak, ikasturte honetan bere praktika politikoak izango dituen ardatzak seinalatzeko. Hala, batetik, GKSko kideek adierazi dute, gizarte kapitalistan, "bankari eta enpresari handien irabazi ekonomikoaren jarraitzea" dakar "aurrerapena" delakoak eta, kontrara, "biztanleria xumeak bizi duen pobreziaren eta askatasun ezaren hazkunde" modura ezaugarritzen da.


"Ziklo ekonomiko berriak berrezarri duen bizi eredu proletarioaren ezaugarri nagusiak" dira "pobrezia eta askatasun eza", GKSren esanetan. Bi ezaugarri horiek, gainera, "bereizezinak" direla diote: "Zer da ba pobrezia existentziarako eskubidearen urraketa ez bada? Hau da, bizitzaren sostengurako eta garapenerako baliabideak erabiltzeko ukapen edo ezintasun bezala definitzen da". Horretaz gain, azaldu dute "gizarte baten garapen mailak posible bihurtzen dituen bizi ereduek" finkatzen dutela pobrezia.


Hain zuzen, "indar produktiboen hazkuntza izugarrian oinarritzen den garai historiko honetan", "gizarte burgesak etengabe murrizten ditu indar horiek gizateria guztiarentzako sortu ahal duten hobekuntzarako aukerak", GKSko kideen arabera.


EREDU SOZIAL OSOA


Gainera, mende honetan "indar sozialen gaitasun tekniko-produktiboak izugarri garatzen" ari direla diote. Hori guztia, "gizateriaren ongizate unibertsalerako ekar ditzakeen aukerak baliatu beharrean", "plusbalioaren hazkunderako" baliatzen dela azaldu dute, "jendartea sumisioan, diziplinan eta obedientzian oinarritutako sistema polizial batera lotuz".


"Burgesiaren aginte posizioa indartzen duten mekanismo" horietako batzuk aipatu dituzte hala, esaterako, "langileriaren gaineko kontrol soziala handitzeko puntako teknologiaren ezarpena", "errepresioaren gorakada" edo "gizarteko sektore eta problematika jakin batzuen aurkako kriminalizazio-kanpaina politikoa".


Hortaz, GKSk nabarmendu du "egitura sozial, kultural eta juridikoan ere sekulako aldaketak" eragin dituela krisi kapitalistak, "basakeriara gero eta gehiago gerturatzen den eredu sozial osoa inposatuz". "Bizi eredu proletario orokorraren elementuak ez dira ausaz gertatzen, beren kausa ziklo ekonomiko eta politiko berrian aurki baitaiteke", gaineratu du.


GAITASUNAK HANDITZEA


"Pobrezia eta askatasun ezaren jatorria gizarte zibilaren klase arteko banaketan kokatzen da",  GKSk azpimarratu duenez. Beraz, "erregimen burges osoaren aurkako proiektu unibertsala" izango litzateke "pobreziaren aurkako eta askatasunen defentsarako zein zabalpenerako proiektu politikoa", "sozialismoaren eraikuntza progresiboari bide emango diona".


Ikasturte politiko honetan, beraz, "prozesu sozialistaren garapenerako baldintza politiko eta materialak eskuratzen eta indartzen jarraituko" dutela diote GKSko kideek. Horretarako, helburu izango dute "gaitasun militanteak handitzea" eta "koiuntura politiko eta ekonomikoaren inguruko esku-hartze ideologiko zein praktiko eraginkorrak" martxan jartzea. Bide horretan tokiko taldeen "jarduna handituko" dute, "eskualdeetan antolakuntzaren kultura politikoa hedatzeko eta gazte problematika zein, oro har, bestelako auzi politikoak jorratzeko helburuarekin".


Gogora ekarri dute, azkenik, "beharrezkoa" dela "langile antolakuntzarako bitartekoak indartzea eta askatasun politikoen defentsa egitea", izan ere, "zapalduen eskubide eta askatasunen berme erreal bakarra langileriaren antolakuntza politikoak izaten jarraitzen duelakoan" daude.