AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/02/07 11:55

Duela ia urtebete jaio zen Gazte Koordinadora Sozialista, "gazte problematikari klase perspektibatik erantzuteko". "Gizarte burgesaren eta horrek sortzen duen miseriaren aurrean altxatzeko" hautua egin zuen GKSk, eta orduz geroztik hamaika ekimen egin ditu; hala nola, hausnarketa teoriko eta politikorako espazioen antolatzea, jardun politikoa gauzatu ahal izateko espazioen egokitzapena, edota Gazte Sozialiston Topagunea Azpeitian (Gipuzkoa).

"Komunitate politiko sozialistaren eraikuntzarako antolakuntza esperientzia desberdinak" jarri ditu martxan GKSk, eta orain, "helburu hori erdiesteko" beste urrats bat egitera doa: Gipuzkoako Topaketa Sozialistak egingo ditu lehenengo aldiz, otsailaren 28tik 29ra Bergaran (Gipuzkoa).

GAUR ETA BIHAR

GKSko kideek azaldu dutenez, Gipuzkoako Topaketa Sozialisten helburua da "gaur egungo testuingurua aztertzea eta etorkizuneko erronken inguruan hausnartzea": "Emana zaigun errealitatea gainditzeko etorkizuneko erronken eta bide-orrien nolakotasunaz hausnartzea da, besteak beste, topaketen xedea. Izan ere, gure eginbeharra da errealitateak uzten dizkigun abaguneak aprobetxatzea eta politika egitea". Horretarako, gaur egungo testuingurura jarriko dira begira.

"Orain arte ezaugutu dugun egituraketa soziala deskonposatze fasean dago; egitura sozial horri bide ematen zion premisa ekonomikoak ez baitu lehengoa izateko gaitasunik. Azken mende erditik aurrera Europa mailan garatu zen Ongizate Estatuaren paradigma agortzen ari da; ondorioz, orain arte ezagutu dugun prestazio sozialen eta ongizatearen Europak bideragarritasun nekeza du. Deskonposatze horrek, besteak beste, gero eta langile xume gehiago egotea eragin du; langileen bizi eta lan baldintzak gero eta kaskarragoak izatea, alegia", dio GKSk.

GALDERAK

GKSko kideen esanetan, asko dira testuinguru horrek mahaigaineratutako galderak: "Nola egin lan errealitatea aldatzeko? Zein dira probestu beharreko antolakuntza formak?". "Mundu mailako aldaketak gauzatzen ari diren une batean gaude, egundo ezagutu gabeko esplotazio formak ari dira sortzen kapitalaren akumulazioaren halabeharrez: gazte langileon soldataren debaluazioa intentsifikatzen ari da, legeen eta dekretuen arabera gazte lan merkatua erregulatzen dihardute etengabean, despolitizazioa eta ezjakintasuna gaur egungo gizartearen ezaugarri nagusienetarikoak dira, emakume langileen zaurgarritasuna areagotzen dabil, emakume langileen soldataren debaluazioan intentsifikazioa ari da gauzatzen… Horiek guztiak eta gehiago dira sistemaren beraren erreprodukziorako baldintzak", adierazi du GKSk: "Eta horren aurrean zer?".

Koordinadorak argi du: "miserian jarraitu ala miseriarekin amaitu". "Etorkizunari heltzeko bi modu" daudela dio; "paktu sozial berriaren gerizpean botere burgesa gainditzeko inolako gaitasunik eta asmorik ez duen proposamen politikoa" batetik, eta "miseria guztien sortzaile den botere burgesa gainditzea helburu duen proposamen politikoa", bestetik.

Halaber, "gizarte despolitizatuaren aurrean jendarte politizatu bat sortzeko ekarpena egitea" ere bada Gipuzkoako Topaketa Sozialisten helburuetako bat. "Gure egitekoa despolitizazioaren izaera politikoa agerian uztea da, hau da, despolitizazioak sortzen duen blokeo politikoa agerian uztea eta hori gainditzeko bizitzako elementu guztiak politizatzea", azpimarratu du GKSk.

LAN ILDOAK ETA EGITARAUA

Sozialisten eginbeharra "errealitatearen analisia egitea eta berau aldatzeko politika egitea" dela adierazi du GKSk. Hala, topaketetako lehen mahai-ingurua, ostiralekoa, gaur egungo testuinguruak uzten duen errealitateari buruzkoa izango da, baita bertan lan egiteko garatu beharreko antolakuntza formen ingurukoa ere. Horretarako, antolakuntza forma berrien esperientziak izango dituzte hizpide hizlariek.

Larunbat goizean, etorkizunari heltzeko moduez solastuko dira, eta "genero zein gazte problematiken etorkizuneko bide-orriez eta erronkez" hausnartuko dute. Larunbat arratsaldean, aldiz, "ekoizpen artistikoaz, espazioen kontrolaz eta kultura militanteaz" jardungo dute. Gainera, larunbat arratsalderako manifestazioa deitu dute Bergaran, Gazte langileok Euskal Estatu Sozialista lelopean.

Topaketek iraungo duten bi egunak ez dira soilik hausnarketa politikorako egunak izango, "komunitatea sendotzeko eta eratzeko" egunak ere izango direla azpimarratu du GKSk. Horretarako, hainbat kontzertu eta ekitaldi kultural prestatu dituzte.

IZEN-EMATEA ETA BONOAK

Topaketetako gastuei aurre egiteko, bonoak izango dira eskuragarri Gipuzkoako eskualde guztietan. Egun bakoitzerako bonoak bost euroan egongo dira, eta horren barruan sartuko dira topaketetako hainbat otordu eta lotarako tokia.