AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/05/18 14:14

Etxebizitzaren auzia klase ikuspegitik

Joan den ostiral arratsaldean, maiatzaren 14an, izan zen Etxebizitza Jardunaldietako lehenengo hitzaldia. Etxabakoitz (Iruñea) auzoko Jazar espazioan egin zuten saioa; hain zuzen, Etxebizitzaren arazoa Iruñerrian klase ikuspegitik izenburupean. Etxebizitzaren auzia ikuspuntu marxistatik aztertzeko zenbait gako teoriko atera zituen mahaira hizlariak, ondoren, kategoria orokor horietatik abiatuta, Iruñerriko errealitate konkretuari erreparatzeko, eskualde horretan etxebizitzaren arazoak dituen hainbat aurpegi azaleratzeko asmoz: bizirauteko bitartekoen garestitzea, kaleratzeak, hornidura energetikoen eskasia, funts putreak, klase ertainaren papera horren guztiaren aurrean, okupazioaren aurkako ofentsiba eta urbanismo burgesarekin lotutako zenbait prozesu, besteak beste.

Hitzaldi horretan azpimarratu zen etxebizitzaren auzia "osotasun kapitalistarekin harremanean ulertzeko" eta "etsaia sinplifikatzen duten irakurketetatik aldentzeko" beharra, etxebizitzaren merkantzia izaerak gizartea bere osotasunean zeharkatzen duela gogora ekarrita eta klase sozial ezberdinek merkantzia horrekin duten harremanean arreta jarrita. Amaitzeko, eztabaidarako aukera izan zen, hitzaldian atera ziren hainbat gako sakontzeko.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren esperientzia

Larunbat eguerdian, maiatzaren 15ean, Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuko bi kide bertaratu ziren Txantreako (Iruñea) Auzotegira, Etxebizitza Sindikatuaren borroka esperientzia eta gako estrategikoak izeneko hitzaldia ematera. Sindikatuaren esperientzietatik abiatuta, borroka ekonomikoek prozesu iraultzaile batean izan beharreko paperaren inguruan hausnartu zuten, borroka horiek langile mugimenduaren historian izandako paperaren errepaso laburra egin ondoren.

Hizlariek nabarmendu zutenez, etxebizitzaren arloko borrokan ere "printzipio estrategiko eta antolaketa printzipio izan behar dira klase batasuna eta klase independentzia". Horrekin batera, etxebizitzaren arloko borrokek izan ditzaketen mugak eta planteamendu politiko okerrak azaldu zituzten.

Testa Residencial funts putrea Iruñerrian

Atzo, maiatzaren 17an, 18:30etan hasita Etxebizitza Jardunaldietako azken saioa egin zuten Sanduzelaiko (Iruñea) Civivoxeko areto nagusian: Testa Residencial funts putrearen aurkako borroka Iruñerrian hitzaldia. Testa Residencial izeneko Higiezinen Inbertsiorako Sozietate Anonimo Kotizatuak (SOCIMI delakoa) kaltetutako pertsona baten eskutik, funts putre horrek Iruñerrian duen presentzia eta haien jardunaren ondorioak aztertu zituzten.

Hizlariak azaldu zuenez, "Testa Residencial Iruñerriko 900 etxebizitza ingururen jabe da, guk dakigula", eta horietako asko Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE) omen dira. Gaur-gaurkoz, 170 familia daude kaleratze arriskuan, etxebizitza horiek babeserako kalifikazioa galdu ondoren, maizterren baldintzak kaskartzen hastearekin batera. Mintzalariak azpimarratu zuen, hortaz, "funts putre horien aurrean adi" egon behar garela, "geratzeko etorri direlako" eta "geroz eta presentzia handiagoa izango dutelako"; hori guztia, "instituzioen laguntzarekin".

Hitzaldiaren amaieran ekarpenak egiteko eta eztabaidarako tarte zabala izan zen, eta orduan azaleratu zen etxebizitzaren auzia bere konplexutasunean aztertzeko beharra. Funts putreen papera beste hainbat fenomenorekin batera ulertzeko premia identifikatu zuten, bai eta etxebizitzaren arloa bizitzako beste zenbait esparrurekin harremanean kokatzekoa ere.

Antolatzeko beharra

Kontseilu Sozialista Iruñerriak antolatutako jardunaldietan gehien azpimarratutako ideietako bat izan da antolatzeko beharrarena. Hitzaldi guztietan egon da presente oinarri hori, jardunaldien lelotik hasita: Antolatu zure oinarrizko beharren alde. Hain zuzen, Kontseilu Sozialistak duela bi aste abiatutako kanpainak eraman duen leloa da hori.

Ostiraleko hizlariak jakinarazi zuen kanpaina horren helburua ez dela "soilik etxebizitzaren esparruan, oinarrizko produktuen esparruan eta beste batzuetan antolatzeko beharra azpimarratzea, gure bizi-beharren gaineko kontrol kapitalista lehiatzeko; baizik eta nabarmentzea esparru horiek antolatu beharreko eremu bat gehiago osatzen dutela, gaitasunak areagotzen joatea ahalbidetuko digun estrategia integral baten baitan".

EZ DAGO IRUZKINIK