Etxebizitza Jardunaldiak antolatu dituzte Kontseilu Sozialista Gasteizek eta Etxebizitza Sindikatuak

Egun osoko egitaraua prestatu dute apirilaren 24rako. Etxebizitzaren problematikaren inguruko hainbat saio egingo dituzte Beñat Etxeparen eta Aldaben: aztergai izango dituzte, besteak beste, Kataluniako etxebizitza sindikatuak, "genero problematikaren eta etxebizitza arazoaren" arteko lotura, "okupazioaren kontrako ofentsiba" eta "borroka ekonomikoetarako lerro estrategikoak".
Argazki Nagusia
2021eko martxoaren 31a

Kontseilu Sozialista Gasteizek (Araba) eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak aurrenekoz antolatu dituzte Etxebizitza Jardunaldiak. Apirilaren 24rako jarri dute hitzordua Gasteizko Beñat Etxeparen eta Aldaben, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Etxebizitza problematikari lotutako hainbat auzi landuko dituzte 09:30ean hasi eta 20:00etara bitartean.

Hainbat gonbidatuk hartuko dute parte Etxebizitza Jardunaldietan. Esaterako, Kataluniako hainbat etxebizitza sindikatuk egingo dute aurreneko mahai-ingurua; hain zuzen, Sindicat d'habitatge del Ravalek, Grup d'habitatge de Santsek eta Sindicat d'habitatge Eixample Dretek. Endavanteko kide Axel Altadill ere bertaratuko da Beñat Etxeparera, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko Karla Pisanorekin batera solasaldian aritzeko: Aportaciones tácticas a la lucha por la vivienda saioa eskainiko dute.

Beste saio batean "genero problematika eta etxebizitza arazoa" harremanetan jarriko dituzte Gasteizko Itaiak eta Etxebizitza Sindikatuak. Sindikatuak, bestalde, Etxebizitza arazoaren analisia klase ikuspegitik hitzaldia ere emango du.

Horretaz gain, gonbidatu gehiagok ere hartuko dute hitza jardunaldietan. Batetik, "okupazioaren kontrako ofentsibaren" inguruan arituko da Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarea eta, bestetik, "borroka ekonomikoetarako lerro estrategikoen" gaineko hainbat zertzelada aurkeztuko ditu Manex Gurrutxagak.