AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Manifestazioaren osteko ekitaldia, Kartzela Zaharrean. Argazkia: Gedar
2020/03/02 12:02

Gazte Koordinadora Sozialistak otsaila hasieran aurkeztu zituen Gipuzkoako Topaketa Sozialistak. "Gaur egungo testuingurua aztertzea eta etorkizuneko erronken inguruen hausnartzea" jo zituzten helburutzat GKSko kideek; "emana zaigun errealitatea gainditu" asmoz, "bide-orrien nolakotasunen" inguruan eztabaidatzeko. Hala, iragan asteburuan bildu dira ehunka gazte Bergaran (Gipuzkoa), bi egunez elkarrekin gogoetatzeko eta "komunitate politiko sozialistaren eraikuntzan" beste urrats bat egiteko.

Ostiralean, otsailak 28, eman zieten hasiera lehenengo Gipuzkoako Topaketa Sozialistei. 17:30ean izan zen harrera San Martin plazan, eta 18:30ean hasi zen aurreneko mahai-ingurua Seminarixoan: Proletarizazioa eta antolakuntza forma berriak.

Etxebizitza Sindikatuko kideek eta Lubaki Langile Elkartasun Sareko kide batek hartu zuten hitza, testuinguruaren azterketaren bidez, abian den proletarizazio prozesuaren tesiak mahaigaineratzeko. Prozesu horrek eragindako ondorioen barruan, antolaketa forma berrien beharraren inguruan jardun zuten hizlariek, testuinguru horretan jaiotako bi borroka esperientzia modura kokatuz euren burua. Batez ere, lan-eremuari begira aritu zen hizketan Lubaki, eta etxebizitza eremuari lotuta Etxebizitza Sindikatua.

Gero, Zabalotegi frontoian egin zuten afaria topaketetara bertaratutako gazteek, eta gauean, kontzertu akustikoa izan zen Bergarako Kartzela Zaharrean.

ETORKIZUNARI HELTZEKO MODUAK

Larunbatean, otsailak 29, goizean goiz jarri ziren martxan Bergaran. Gosariaren ostean, Zabalotegi frontoian elkartu ziren, Etorkizunari heltzeko moduez hausnartzeko. Behin ostiralean testuinguruaren analisiari bide eginda, hainbat elementu sakontzen jardun zuten larunbateko lehenengo mahai-inguruan; hala nola, krisialdia, Ongizate Estatuaren gainbehera edota adimen artifiziala.

Osatu eta indarrean jarri beharreko programa politikoaren inguruan mintzatu ziren hizlariak, erdi-mailako bloke politikoaren programari kontrajarritako bide-orri modura kokatuz programa proletario komunista, eta bataren eta bestearen funtsezko elementu eta oinarriak gogora ekarrita.

Gazte eta genero problematiken inguruko hausnarketari heldu zioten gero, botere burgesari funtzionalak diren bi esparru izaki, proletarizazioak bi subjektibitate horietan ekarri dituen ondorioen inguruan hitz egiteko eta, klase ertainen eskaintza politikoaren aurrean, eremu horietan abiatu beharreko programa proletarioaren inguruko hainbat zertzelada plazaratzeko.

JABETZA, ARTEA ETA MILITANTZIA EREDUA

14:00etan hasi zen bazkaria Zabalotegin, eta 16:00etan eman zieten hasiera arratsaldeko hiru saioei: Langile kontrolpeko espazioak, Ekoizpen artistiko sozialista eta Kultura militanteaz hausnartzen.

Langile kontrolpeko espazioei buruzko hitzaldian, jabetzaren auzia aztertu zuten, jabetza forma burgesa eta proletarioa kontrajarrita, eta espazioen defentsa ere izan zuten hizpide. Ekoizpen artistiko sozialistaren inguruko saioan, ibilbide historikoari erreparatu zioten hizlariek, orain arteko esperientzia historiko sozialistetan, ekoizpen artistikoa ulertzeko zein modu nagusitu diren aztertzeko.

Kultura militanteari buruzko hitzaldian, aldiz, sortze prozesuan dagoen militantzia eredu sozialistak zein elementu barnebildu beharko lituzkeen gogoetatu zuen hizlariak. Ertain-mailako bloke politikoak biziarazten duen militantzia eredua aztertu zuen, horren aurrean, mugimendu sozialistak bere egin beharko lukeen ereduari buruzko hainbat gako aurkezteko. Hala, besteak beste, botere proletarioa elikatzeari begira martxan jarri beharreko mobilizazio eredua izan zuen hizpide.

EUSKAL ESTATU SOZIALISTAREN ALDARRIA

Behin hitzaldi eta mahai-inguruak amaituta, 19:30ean, Euskal Estatu Sozialistaren aldeko aldarria kaleratu zuten ehunka lagunek. San Martinetik hasita, Bergarako Alde Zaharreko kaleetan barrena egin zuten mobilizazioa, Gazte langileok, Euskal Estatu Sozialista lemapean. Langileon mendekua prozesu sozialista, Gora langileon borroka edota Borroka da bide bakarra oihuak izan ziren nagusi, eta gogoan izan zituzten preso politikoak ere.

Kartzela Zaharrean izan zen amaiera ekitaldia, eta gauean, Aurrez Aurre eta Habemus Papam musika taldeak igo ziren oholtza gainera. Hala eman zituzten bukatutzat aurrenengo Gipuzkoako Topaketa Sozialistak.