Durangaldeko Elkartasun Biltegia jarri du martxan Kontseilu Sozialista Durangaldeak

"Oinarrizko beharretatik hasita", "miseria-egoera etengabea eragiten duen gizarte-forma gainditzeko" antolakuntzarako "baliabideak" sortzea izango da Durangaldeko Elkartasun Biltegiaren helburu nagusia. Aurki egingo dituzte aurreneko bilketak, eta ekarpena egiteko modu ugari daudela azaldu dute Kontseilu Sozialista Durangaldeako kideek.
Argazki Nagusia
2021eko otsailaren 23a

Durangaldeko Elkartasun Biltegia sortu du Kontseilu Sozialista Durangaldeak (Bizkaia), "langile klaseko sektore kolpatuenen beharrizanak asetzeko apustua eginez". Hurrengo astean emango diete hasiera lehen bilketei, eta modu horretan ekingo diote oinarrizko produktuak batzeari.


Pandemiak azkartu duen krisialdi ekonomikoak langile klasea "gogor kolpatu" duela azaldu dute Kontseilu Sozialistako kideek, eta Durangaldea ez dela salbuespena izan. 2008az geroztik eskualdean pobrezia-tasa bikoiztu egin dela nabarmendu dute eta, neurri berean, gora egin duela elikagai bankuetan laguntza eskatzen duten pertsonen kopuruak, kasu batzuetan bikoiztera heltzeraino.


Kontseilu Sozialistako kideek adierazi dutenez, antolakuntza "beharrezkoa" da "gutxi batzuen aberastasuna eta gehiengoarentzako miseria-egoera etengabea eragiten duen gizarte-forma gainditzeko" eta, hain zuzen, antolakuntza horretarako "baliabideak" sortzera dator eskualdeko Elkartasun Biltegia, "oinarri-oinarrizko beharretatik hasita".


Horregatik, "antolakuntza politikoan eta grina iraultzailean urrats bat gehiago ematea" izango da helburu nagusia, azpimarratu baitute "klase gabeko gizartea eraikitzea" dela "pertsona guztion oinarrizko beharrizanak asetzeko berme bakarra".


Parte hartzeko moduak


Proiektuari ekarpena egiteko hainbat modu daudela azaldu du Kontseilu Sozialista Durangaldeak, izan bankuan txandak eginez, ekarpen ekonomiko bidez edota elikagaiak emanez.


Elkartasun Biltegiko kideekin harremanetan jartzeko, 747 422 815 telefono zenbakia erabil daiteke, baita hurrengo helbide elektronikoa ere: biltegia.durangaldea@gmail.com. Aipatutako telefono zenbakira dirua bidali daiteke Bizum bidez; bestalde, honako kontu korrontea ere jarri dute martxan diru bidalketak egiteko: ES39 3035 0173 9417 3004 5675. Sare sozialetan, aldiz, Kontseilu Sozialista Durangaldearen Twitter kontutik helaraziko dute Elkartasun Biltegiaren inguruko informazioa: @Kontseilua_Dur.


Laguntza oro ongi etorria izango dela adierazi dute Kontseilu Sozialistako kideek, Elkartasun Biltegia "langileriaren autodefentsarako tresna eraginkorra" izateko asmoz sortu den heinean, guztien ekarpena beharrezkoa izango delakoan.