AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/02/03 10:32

Joan den larunbatean, otsailak 1, Donostiako (Gipuzkoa) Ikasle Eguna izan zen Añorgako Gaztetxean, Ikasle Abertzaleaken eskutik. Hitzaldiekin hasi zuten eguna bertaraturako ikasleek, kapitalismora hurbilketa bat egiteko eta hipersexualizazioaren inguruan hausnartzeko. Afaria izan zen ondoren, eta gauean, ekitaldi politikoak eta kontzertuek hartu zuten gaztetxeko oholtza.

Zer da kapitalismoa eta zergatik borrokatu

Hitzaldietako lehenengo saioan, kapitalismoaren oinarri materialak aztertzeko sarrera bat egin zuten. "Langileen egunerokotasunean azaleratzen diren hamaika problematika" ukitu zituzten, "problematika orokor batean kokatzen" saiatzeko, baita horiei "aurre egiteko beharraren" inguruan jarduteko ere. Aipatu problematiken "garapen historikoaren azterketa" egiteko beharra ere mahaigaineratu zuten; izan ere, "ariketa horrek historian zehar eman dituen borroka esperientziak berreskuratzeko eta berregokitzeko" aukera irekitzen duela azaldu zuten, baita "borroka zehatzak zeintzuk izan daitezkeen zirriborratzen laguntzeko tresna" izan daitekeela ere.

Bestalde, egungo testuinguru politikoa osatzen duten posizio eta ikuspuntuen inguruan aritu ziren, horien potentzialitatea edota helburuak aztertuz.

Hipersexualizazioaz hausnartzeko tailerra

Hipersexualizazioak sortu dituen ondorioen inguruan hausnartzeko espazioa izan zen bigarren saioa. Hasieran, XX. mende amaierako fenomeno hori gure bizitzako hainbat esparrutan nola hedatu den eta horrek zein ondorio izan dituen landu zuten ikasleek, hainbat industriaren irabazi ekonomikoak handitzeko elementu modura ulertuz (musika, kosmetika, ehungintza, edota pornografia). "Askapen sexuala eta hipersexualizazioa sinonimo izatetik urrun" daudela nabarmendu zuten saioan, hipersexualizazioa "emakume langilearen despolititazioa inposatzeko eta hamaika eraso betikotzeko tresna" dela argudiatuta.

"Eszenatoki eta zapalkuntza zehatzak iraultzeko bideaz" jardun zuten, azpimarra jarriz hipersexualizazioak sortzen dituen "gaitz psikologikoei erantzuteko beharrari, emakume proletarizatuenei inposatutako funtzioekin amaitzeko tresnen beharrari, eta langile klaseko figura diziplinarioekin bukatzeko beharrari".

Borrokarako deia

Gaueko ekitaldi politikoan, "errealitatea ulertzeko, bertan eragiteko eta epe motz zein luzerako baldintza politikoak" ezartzeko, "antolakuntzaren eta borrokaren beharra" azpimarratu zuten Ikasle Abertzaleakeko kideek. "Euskal Eskola Nazionala eta Euskal Estatu Sozialista edukiz betzeko" bidean jarraituko dutela esan zuten, gaur gaurkoz, bide horretako eginbehar modura ulertuta "ebaluazio irizpide itogarrien kontrako borroka, infantilizazioaren kontrakoa, ikasleon eskubide politikoen aldekoa, eta eduki propio eta kritikoen sorkuntza", besteak beste.

Agertu daitezkeen oztopoak, "errepresioa, gure jardunarekiko paternalismoa eta infantilizazioa" gainditzeko, beharrezkotzat jo zuten, besteak beste, "sortzen eta indartzen ari diren ikasle autodefentsa sareen" arteko elkarlana. Azpimarratu zuten hezkuntzan egunerokoan agertzen diren "adierazpen zapaltzaile ezberdinen aurrean" defendatzeko eta garaipen errealak lortzeko tresna direla ikasle autodefentsa sareak.