Donostiako IAk bi eskaera egin ditu, eta sinadura bilketa abiatu du Luberri ikastetxean

Usandizaga eta Luberri ikastetxeetako ikasleen egoera aztertu ostean, bi aldarrikapen nagusi egin ditu Donostiako IAk: ikasleek lanak aurkezteko 24 orduko epea izatea gutxienez, eta eduki eta material guztiak 'Classroom' aplikazioan zentralizatzea. Babes modura, sinadura bilketa abiatu dute Luberrin.
Argazki Nagusia
Argazkia: Donostiako IA
2020ko maiatzaren 11a

Hego Euskal Herriko eskualde askotan ikasle mugimenduko hainbat eragilek egin modura, Donostiako (Gipuzkoa) Ikasle Abertzaleakek ere aztertu du alarma egoerak ikasleengan izan duen eragina. Horretarako, ikasleen testigantzak biltzen jardun dute asteotan, eta sare sozialen bidez, ikasleen kezkak zein bizitzen ari diren arazoak ezagutzeko aukera izan dute IAko kideek: "Testigantzek arazoak identifikatzen lagundu digute".

Behin arazo nagusiak identifikatuta, horien larritasuna edota ikasleen lehentasunezko kezkak zeintzuk diren xehatzeko, inkesta bat osatu zuen Donostiako IAk. Usandizaga eta Luberri ikastetxeetako ikasleen artean zabaldu zuen gero, erantzunak biltzeko. Maiatzaren 4ean argitaratu zituen emaitzak, Kolektiboki antolatuz, sistema aldatu lemapean. "Lelo horrekin, era indibidualen jasaten ditugun arazoak orokorrak direla azpimarratu nahi izan dugu", diote IAko kideek.

Ikasleen erantzunak

Gehiegizko lan zamak definitzen du ikasleen errealitate berria, Donostiako IAk azaldu duenez: "Sistema akademikoak dituen erritmoak eta eduki kopurua berdin mantentzea izan da helburua". Logika horretan, ez dira kontuan hartu ikas baldintzen okertzea, material falta, ikasteko leku egokirik ez izatea, ikasleen kontzentratzeko arazoak, eta abar.

Zailtasun horiei "desinformazioa eta desordena" gehitu behar zaizkie, gainera. "Ebaluazio irizpideak moldatzen aritu dira, ikasleen iritzia kontuan izan gabe, eta gainera, irizpide berriak zeintzuk diren argitu gabe jarraitzen dute". Horrek "ziurgabetasun sentsazioa" larriagotu duela salatu dute IAko kideek.

Sinadura bilketa Luberrin

Ikasleek bizi dituzten arazo horiei erantzuten hasteko, hainbat eskaera zehatz mahaigaineratu ditu Donostiako IAk, eta babes modura, sinadura bilketa jarri du martxan Luberrin.

Hain zuzen, ondorengoak dira aldarrikapenak:

  • Ikasleek lanak aurkezteko 24 orduko epea izatea, gutxienez.
  • Eduki eta material guztiak Classroom aplikazioan zentralizatzea.