AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Donostiako GKSk joan den azaroan egindako mobilizazioa. Argazkia: Donostiako GKS
2021/02/04 11:48

Gazte Koordinadora Sozialistak bihar emango dio hasiera Gazte kriminalizazioa eta errepresioa dinamikari Donostian (Gipuzkoa). "Gazteen zapalkuntzan indar errepresiboek betetzen duten funtzioa" aztertzea eta seinalatzea da dinamikaren helburu nagusia, baina auzi zehatz ezberdinak landuko dituzte antolatutako hitzaldi bakoitzean.

Bihar izango da lehenengo saioa: dinamikaren aurkezpena egingo dute Intxaurrondoko Kultur Etxean, 18:30ean. "Gazteriaren aurkako errepresioaren eta kriminalizazioaren testuingurua" aztertuko dute, hain zuzen.

Otsailaren 12an egingo dute bigarren hitzaldia, eta "poliziak sistema kapitalistan duen funtzioaren" inguruan arituko dira. Horretarako, GKSko militante batek polizia-indarren "egiturazko funtzioa" azalduko du lehenengo eta, ondoren, bi testigantza plazaratuko dituzte: gazte etorkin batena eta Alde Zaharreko gazte batena. Hitzaldi hori Gros auzoko Okendo Kultur Etxean izango da, 18:30ean.

Hurrengo egunerako, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, elkarretaratzera deitu dute GKSko kideek, "osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenaren aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditzea" aldarrikatzeko. Donostiako Bulebarrean egingo dute elkarretaratzea, 18:00etan.

Azkeneko saio bat egingo dute otsailaren 26an, "antolakuntza komunistaren beharraz" hausnartzeko eta dinamikaren formakuntza atalari amaiera emateko. Ordua eta lekua, ordea, ez dituzte zehaztu oraindik.

Datak

  • Otsailak 5. Dinamikaren aurkezpena Intxaurrondoko Kultur Etxean, 18:30ean.
  • Otsailak 12. Polizia-indarrek sistema kapitalistan duten funtzioaren inguruko hitzaldia eta solasaldia, Okendo Kultur Etxean, 18:30ean.
  • Otsailak 26. Antolakuntza komunistaren beharraren inguruko hitzaldia. Lekua eta ordua zehaztu gabe oraindik.