AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: GKS
2019/12/01 21:21

Formakuntzan sakontzen jarraitzen dute Gazte Koordinadora Sozialistako kideek; asteburu honetan heldu diote formakuntza mintegien bigarren saioari. Aurrekoan egin bezala, bost saio izan dira guztira, Euskal Herriko bost gunetan banatuta. Oraingoan, Marxen Guda Zibila Frantzian testua landu dute bertaratutako gazteek, Marxek Parisko Komunaren inguruan langileriari luzatutako irakaspenak oinarri hartuta.

GKSk hilabete hasieran adierazi zuenez, formakuntza mintegiak "ildo sozialistaren praktika politikoa garatu ahal izateko ezinbesteko espazioak" dira; besteak beste, "militanteei tresna teorikoak eskaintzeko", zein "gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko, hausnartzeko, eta irakaspen garaikideak ateratzeko". 

Mintegien jarraipena

Azaroaren hastearekin batera egin zuten aurreneko formakuntza mintegia GKSko kideek, Rosa Luxenburgoren Errusiako iraultza testuaren inguruan. Hala, Luxemburgok Errusiako iraultzari buruz mahaira ateratako hausnarketak eta eztabaidak izan zituzten mintzagai. Bigarren saioa eginda, GKSk mintegi gehiago iragarri ditu ikasturte politiko honetarako. "Gaur egungo gazteen despolitizazioari aurre egiteko eta gazte problematikaren arlo ezberdinetan eragiteko, formakuntza ezinbestekoa da", nabarmendu dute.