Baionako IAk mobilizaziora deitu du biharko, 'Hezkuntza arloko errepresioari langile antolakuntza!' lelopean

11:00etan Baionako suprefeturaren atarian elkarretaratuko dira bihar, "unibertsitateetako ikasleen egoera salatzeko". Frantziako Gobernuaren pandemia kudeatzeko "manera katastrofikoa" salatu du IAk, osasun-krisiaren kudeaketa burgesak "ikasle langileen bizitzan duen eragin larria" azpimarratuz.
Argazki Nagusia
2021eko urtarrilaren 25a

Ikasle Abertzaleakek protestara deitu du biharko, urtarrilak 26. Baionako (Lapurdi) suprefeturaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, 11:00etan. Hezkuntza arloko errepresioari langile antolakuntza! aldarrikatuko dute han, "Macronen gobernu kapitalistaren" pandemia kudeatzeko "manera katastrofikoa" salatzeko.


Baionako IAren esanetan, "frantses gobernuaren erabakiak enpresaburu handien irabazi kapitalistak mantentzeko" ezarri dira. Horren adibide, ikasleak "neurri sanitarioak bermatuak izan gabe" doazela eskolara, gurasoek lan egiten segitzen duten bitartean. Unibertsitateak, berriz, azarotik daude itxita, eta modu horretan, "ikasleak kurtsoak etxetik segitzera behartu" dituztela seinalatu du IAk.


ERAGINA IKASLEENGAN


Baldintza horiek ikasleen egoera psikologikoa "biziki" larriagotu dutela diote IAko kideek: "anitzek depresioa pairatzen dute isolamenduagatik, harreman sozialen faltagatik eta zailtasun ekonomikoengatik". Azken horri dagokionez, osasun-krisiak areagotutako krisi kapitalistak hainbat ikasle "gero eta prekarioago izatera eramaten dituela" azaldu dute, langile klaseko familia ugarik "zailtasun ekonomikoak" bizi baitituzte.


Gauzak horrela, ikasle ugari "ikasketak abandonatzera bultzatuak" direla salatu du Baionako IAk. Ikasketa telematikoei eusten dietenen kasuan, aldiz, "etxebizitza prekarioek eta WiFi konexio txarrek ez dute kurtsoak serioski segitzeko beharrezkoa den guztia bermatzen".


URGENTZIAZKO NEURRIAK


Aipatutako agertokiak "urgentziazko neurriak aplikatzea" galdegiten duela dio IAk; hala nola, "kurtsoak fisikoki segitu nahi dituzten ikasle guztientzat unibertsitateak irekitzea, neurri sanitarioak errespetatuz". Horretarako, "giza baliabideak eta beharrezko finantza-laguntza zein materiala" ezinbestekotzat jo ditu antolakundeak ikasleentzat. 


Frantziako Estatuko hezkuntza arloan piztu diren mobilizazioekin bat egiten dutela azaldu dute Baionako IAko kideek, "betiere, krisi sanitarioaren kudeaketa burgesak ikasle langileen bizian duen eragin larria agerian utziz".