AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Buruntzaldeko GKSren jardunaldi politikoen aurkezpena. Argazkia: @GKS_Buruntza
2020/11/16 13:37

Buruntzaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak joan den ostiralean aurkeztu zuen jardunaldi politikoetako egitaraua. "Bizi den egoeraren gainean hausnartzeko aukera" izango da jardunaldiotan, hala nola, "testuinguru politiko honetan areagotu den gazte langileen kriminalizazioaz, jazarpen polizialaz, kontrol sozialaz eta askatasun politikoaz". Fenomeno horiek "egun betetzen dituzten funtzioak" azaleratzeko asmoa dute GKSko kideek.


Hiru hitzaldi antolatu dituzte horretarako. Lehena Andoainen (Gipuzkoa) izango da, azaroaren 19an, gazte langileen kriminalizazioaren inguruan. Hurrengo saioak Hernanin (Gipuzkoa) egingo dituzte, azaroaren 20an eta 21ean, jazarpen polizialaz eta kontrol sozialaz zein askatasun politikoez, hurrenez hurren.


SALAKETA KANPAINA OROKORRA


Jardunaldi horiek GKSk martxan jarritako salaketa kanpainaren barruan egokitu dituzte. GKSko kideek adierazi dutenez, alarma egoeraren eskutik indarrean sartu diren neurri murriztaileek "geratzeko etorri den eredu sozialari erantzuten diote", eta "pobrezian eta askatasun faltan oinarritzen den etorkizuna" bermatuko dute. Bide horretan, "eskubide eta askatasun politikoen defentsaren beharra" azpimarratu dute.


GKSk deituta, azken asteotan hainbat mobilizazio izan dira jada Hego Euskal Herri osoan barrena, "burgesiaren zuzeneko diktadura" salatuz; tartean, Hernanin.


LANGILERIAREN GAINEKO JAZARPENA


Jardunaldi politikoak aurkeztearekin batera, langileria jasaten ari den jazarpenaren hainbat adibide eman ditu Buruntzaldeko GKSk. "Poliziaren presentzia nabarmena izaten ari da herrietan, baita propaganda politikoaren kontrako jardun sistematikoa, gazteen identifikazio arbitrarioak edota isun mehatxuak ere", seinalatu dute.


"Disziplinamendu prozesua" ikusten du neurri horien atzean, eta jardunaldien bidez, "gazteria pairatzen ari den kriminalizazioa" lantzea izango du asmo. Horrez gain, jardunaldien amaieran, Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu! lemadun elkarretaratzea egingo dute datorren larunbatean, beste aste batez, 18:30ean Hernaniko plazan.