2021ko urtarrilaren 13a
Argi-itzalak mapan
Zerren gainean zamatzen du ekoizpen modu kapitalistak bere errentagarritasuna? Zerk ahalbidetzen du? Galdera horri erantzuteko, nahitaezkoa da lur biribila esku artean hartu eta mapan seinala ditzakegun puntuen arteko loturak margo gorriz zirriborratzea. Mundu mailako unitatea osatzen du ekoizpen eredu kapitalistak, eta bere barne-gatazka eta kontraesanekin, maparen zabalera osoari jarri behar diogu arreta, munduko puntu batean edo bestean begi bistan dauden bizi- eta lan-baldintzak ulertzeko.
Izan ere, eremu batzuetan indarrean dauden bizi-aukerek beste toki batzuetako bizi-aukera latzak dituzte oinarri eta sostengu, eta lokarri hori ez da soilik herrialde desberdinen artean ikusten, noski: lan-sektore desberdinen artean ere garatzen da harreman bortitz eta funtsezko hori, herrialde baten barruan. Konexio horretan, bata bestearen aurrebaldintza izan daiteke, eta aldi berean, efektu. Xehatu ditzagun, bada, mapa horren hainbat argi-itzal.