AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/05 15:05

Atzo izan zen Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak aurten antolatutako jardunaldi nazionala; mila pertsonatik gora joan ziren goizetik Hernanira (Gipuzkoa). "Garrantzitsua iruditzen zaigu sistema kapitalistan emakume langileok jasaten ditugun zapalkuntzen inguruko analisia egitea eta horri aurre egiteko proposamen politikoaren inguruan hausnartzeko espazio eta bitartekoak sortzea", azaldu dute Itaiako kideek. Hala, jardunaldiak "helburu argi bat" zuela diote: "emakume langileon zapaldu egoerari aurre egingo dion proposamen politikoaren inguruan hausnartzea eta ditugun erronkak identifikatzea".

Hiru saio

Auzi horiek lantzeko, hiru hitzaldi izan ziren egunean zehar. 10:00ak aldera bertaratu zen jendea Hernanira, eta 11:00ak inguruan hasi zen aurreneko hitzaldia: Emakumeon zapalkuntzaren azterketa eta horren ondorio politikoak. Latxunbe kirolgunean prestatutako karpan aritu ziren bi hizlariak, Ainhoa Vidal eta Mireia Bedmar, eta zuzenean eman zuten saioa Elizatxo Ikastolan, streaming bidez, karpan kabitzen ez ziren entzuleentzat. "Zapalkuntza modu partzialean ulertzearen ondorio politikoak" aztertu zituzten Vidalek eta Bedmarrek, eta "zapalkuntza osotasun sozialaren baitan ulertzeko" hainbat oinarrizko gako atera zituzten mahaira.

13:00etan hasi zen eguneko bigarren hitzaldia, Emakume langileon egoera egun. Joera ekonomiko, politiko eta kulturala. Hori ere bi tokitan eskaini zuten aldi berean. "Krisi kapitalistaren testuinguruan, arlo ekonomiko, politiko zein kulturalaren ikuspegitik, emakume langileon zapalkuntzak" gaur egun dituen "joera nagusiak identifikatzea" izan zen hizlarien asmoa; Itaiako hainbat kidek jardun zuten hizlari modura.

Horren ostean, Latxunbeko karpan bertan bazkaldu zuten jardunaldira bertaratutakoek, zenbait txandatan banatuta. 17:00etan izan zen hirugarren eta azken hitzaldia, Emakume frontearen erronkak eta emakumen ahalduntze politikoa. Horretan ere Itaiako zenbait kidek hartu zuten hitza, Mugimendu Sozialistaren barruan emakumeen fronte batek betetzen dituen funtzioen inguruan eta "Mugimendu Sozialistak emakumeon askapenari egiten dion ekarpenaren" inguruan mintzatzeko.

Iluntzean, berriz, musika emanaldiak izan ziren Latxunben. Ithaka, J Martina, Trikoma eta Malakias&Maixa aritu ziren.

Otzantasuna eta despolitizazioa

"Emakume langileon egoera okerrera doa sistema kapitalistan: lan-baldintza gero eta okerragoetan lan egin behar dugu, instituzioekiko dugun dependentzia ekonomikoa gero eta handiagoa da eta, gainera, gure egoera azpiratua indartzen duten joera kulturalek zabalpen gero eta handiagoa dute. Horrek guztiak sistemarekiko gero eta otzanago bilakatzen gaitu", azaldu dute Itaiako kideek, jardunaldian landutako hainbat ideiari erreferentzia eginda.

Gainera, "emakume langileon despolitizazioa" ere nabarmena dela diote. "Denbora ezak eta horren ondoriozko gogo ezak" zein "egunerokoan jasotzen ditugun eduki sinpleek eta balio indibidualistek", hain zuzen, "emakumeok politikarekiko izan dezakegun interesa oztopatzen" dutela seinalatu dute.

Sozialismoaren aldeko hautua, indartzen

"Poztekoa da hainbeste emakume antolakuntza politiko sozialistaren inguruan hausnartzeko batu izana, Euskal Herrian estrategia sozialista lekua hartzen ari den seinale", azpimarratu dute Itaiako kideek. "Hemendik aurrera ere sozialismoaren aldarria zabaltzen jarraitzea beharrezkoa dela uste dugu, hori baita esplotazio eta zapalkuntza orori aurre egingo dion proiektua. Guk bide horretan lan egingo dugu: sozialismora bidean emakume langileon antolakuntzarako espazio eta borrokak garatzen jarraituko dugu", gaineratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK