AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ekologistak Martxan
2022/10/07 08:52

Metano isuriak topatzeko ikerketa bat egin du berriki Ekologistak Martxan taldeak. Gasaren irudiak hartzen dituen kamera bat erabili du horretarako, eta Hego Euskal Herriko, Errioxako, Gaztela eta Leongo, Kantabriako eta Asturiasko 21 gas eta petrolio instalazio aztertu ditu guztira. Horietatik hamarretan identifikatu dituzte metano ihes "esanguratsuak"; tartean, Durangon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba).

Gasteizen gasa garraiatzeko dagoen zentroko isuriak jo ditu "bereziki kezkagarritzat", hamabost ihes-puntu aurkitu baitituzte balbula, hodi nahiz neurgailuetan, metano-emari "handi eta jarraituak" direnak. Gainera, zenbait azpiegitura "hautsita eta herdoilduta" daudela ere azaldu du Ekologistak Martxanek. Bestalde, Durangoko transmisio guneari lotuta, azpimarratu du metanoa zuzenean atmosferara haizatzen dutela hango enpresek.

Airea metanoz kutsatzeak, "larrialdi klimatikoa larriagotzeaz gain, lurreko ozono kapa sorrarazten" duela ohartarazi du Ekologistak Martxanek. Horrek, hain zuzen, "milaka heriotza eragiten ditu urtero, arnasketa arazoengatik eta bihotzeko gaixotasunengatik".

Taldeak jakinarazi du, gainera, Europara doazen gasbideen edukiera %18 handitu duela azkenaldian Espainiako Estatuak, eta horren harira eraiki dutela, esaterako, Irungo (Gipuzkoa) instalazio berria. "Gasa lantzeko ahalmen handiagoak, arrisku gehiago dakar", ondorioztatu du Ekologistak Martxanek.

EZ DAGO IRUZKINIK