Mercadonak ez ditu Osasun Ministerioak emandako jarraibideak betetzen langileen artean koronabirus zantzuak daudenean

Tokiko Lehen Arretako Osasun zentrora jo beharrean, Mercadonako langileen artean Covid-19 birusaren zantzuak daudenean, enpresaren prebentzio zerbitzuak egiten ditu diagnostikoak. Hala, enpresa arduratzen da eritasun bajak nahiz altak emateaz. Bestalde, langileek salatu dute "muturreko egoeran" daudela: "lan-karga ikaragarria" dutela eta egutegietan zein lanaldietan aldaketak ezarri dizkietela azaldu dute.
Argazki Nagusia
2020ko martxoaren 28a

Mercadona supermerkatu-kateak ez ditu Osasun Ministerioak ezarritako irizpideak betetzen langileen artean Covid-19 birusaren zantzuak daudenean, ELA sindikatuak salatu duenez. Ministerioaren aginduen arabera, lantegi batean behargin bat koronabirusak jota dagoela uste bada, dagokion autonomia erkidegoko Lehen Arretako Osasun zentrora jo behar du. Hala, Hego Euskal Herriaren kasuan, Osakidetzaren edo Osasunbidearen esku egongo litzateke langilea artatzea edota eritasun baja nahiz alta ematea.

Dena den, Mercadonaren kasuan, ez da hori indarrean dagoen protokoloa. ELAren esanetan, enpresaren prebentzio zerbitzua ari da arduratzen langileen diagnostikoak egiteaz, baita haiek artatzeaz ere.

Itota

Bestalde, Mercadonako beharginek azaldu dute oso lan-erritmo altuan jardun behar izan dutela alarma egoera hasi zenetik, eta nekea nabaria dela dagoeneko: "Muturreko egoeran gaude. Gure egutegiak aldatu dituzte, lan-karga ikaragarria dugu eta gehiegizko lanaldiak ezarri dizkigute".

Langile gehiago kontratatzea eskatu dute, hortaz. Izan ere, enpresak hedabideetan "kontratazioa lehenetsi" duela adierazi badu ere, langileek argitu dute hori gezurra dela.

Segurtasunik ez

Gainera, salatu dute "kontrolik gabeko jende pilaketak" izan direla supermerkatuetan, eta inolako babes neurririk gabe, gainera: gutxieneko segurtasun distantziarik gabe, eta eskularrurik edo gelik gabe.