Mendillorrin (Iruñerria, Nafarroa), Gazte Egunaren bueltan, lau eguneko egitarau bat prestatu zuen bertako Gazte Asanbladak aurreko asterako, eta larunbatean izan ziren azken ekimenak. Musika-emanaldi batzuekin amaitu zen gaua, baina igande goizaldean, ospakizunean zeuden gazteen kontra jo zuen Iruñeko Udaltzaingoak.
Gazte Eguneko ekimenekin loturarik ez zuen gertakari baten aitzakiapean, hainbat gazte zeuden tokira hurbildu zen udaltzainen furgoi bat. Poliziaren presentziaren aurkako oihuak egin zituzten Antzara Plazan zeuden batzuek, eta horren ondoren, beste sei furgoi bertaratu ziren: 25 polizia-agente ingururen artean, kalean zeuden gazteei jazarri zieten.
Bi pertsona atxilotu zituzten hala, eta beste hiru identifikatu zituzten. Hori gutxi balitz, gertatzen ari zena bideoz grabatzen ari zen gazte bati eraso zioten udaltzainek: piperbeltz espraia bota, lau agenteren artean lurrera bota eta bi minutuz eduki zuten eutsirik, modu itogarrian.
Bortizkeria poliziala gelditu!
Eraso poliziala salatzeko, protesta bat izan zen Mendillorrin igandean, Indar errepresiboak auzotik kanpo. Bortizkeria poliziala gelditu! lelopean. "Azpimarratu nahiko genuke hau ez dela gertaera isolatua izan. Hainbat izan dira Mendillorriko auzokideok jasan ditugun errepresio uneak: 2016ko Gazte Eguna, COVID garaiko etengabeko jazarpenak, 2021eko ez-inauteriak...", jakinarazi zuten elkarretaratzean.
Beraz, auzoko gazteen aurkako jazarpen sistematikoa seinalatu zuten, aldarrikatzeaz gain Poliziaren "presentzia desnormalizatzen eta salatzen" jarraituko dutela: "Sistema kapitalistaren logikaren baitan, Polizia Estatuaren indar errepresiboa da, sistemaren aurka borrokatzen duen ororen kontra oIdartzea oinarri eta helburu duena".