AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/10/26 09:42

Mendebaldeko Martxa egingo den hirugarren urtea da honakoa, eta antolatzaileek adierazi dutenez, "Lizarraldeko gazte asanbladen artean indarrak batzeko" helburua izango du oraingoan ere. Lizarrako Sugarra gaztetxeak, Sesmako Aldapa Gazte Asanbladak, Artaxoako Gazte Asanbladak eta Garesko Gazte Asanbladak hartuko dute parte, eta Artaxoan elkartuko dira aurten.

Egitarauarekin batera argitaratutako adierazpenean, egungo krisi testuinguruari erreparatu eta askatasun politikoen galera nabarmena dela azaldu dute asanblada horietako kideek; besteak beste, gaztetxeen desalojoak eta pankartak jartzeagatik ezarritako isunak aipatu dituzte. Hala, antolatzeko, indarrak batzeko eta sistema kapitalistaren aurka egiteko beharra inoiz baino handiagoa dela adierazi dute.

Aurtengo egitarauari dagokionez, goizean izango da ongi etorria harresi inguruan, eta jarraian hitzaldi bat egingo dute liburutegian; "antolakuntzarako beharra" izango dute hizpide saio horretan. Herrilekuan auzolanean arituko dira ondoren, eta 15:00etan bazkalduko dute frontoian. Gero, Olinpiadak eta kontzertuak izango dira leku berdinean.

Antolatzaileak Lizarraldeko kolektiboak izan arren, "Nafarroako hego-mendebaldeko eremu osoko gazteei" egin diete dei Artaxoara bertaratzera. Iaz Garesen bildu ziren, eta duela bi urteko edizioan martxa formatuari heldu zioten; Garesen hasi eta Lizarran amaitu zen Mendebaldeko Martxa.

EZ DAGO IRUZKINIK