AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/03 22:03

1976ko martxoaren 3an, milaka langile Gasteizko (Araba) Zaramaga auzoko eliza batean bilduta zeudela, haien aurka oldartu ziren polizia-indarrak, modu bortitzean. Bost behargin erail zituzten, eta ehundik gora zauritu. 46 urte igaro dira sarraski horretatik, eta ohi bezala, mobilizazio eguna izan da gaurkoa Arabako hiriburuan.

Aurten ere Bloke Sozialista bat egin dute manifestazio orokorraren barruan, arratsaldean, Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak deituta. Zutabea 17:45ean atera da Rafa plazatik, Lekukoa hartu, sozialismoa eraiki lelopean.

Horretaz gain, Kontseilu Sozialistako kideek ekitaldi politiko bat egin dute eguerdian, Odon de Apraiz ikastetxeko patioan.

Iragana, mito izatetik urrun

Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta GKSk gogorarazi dutenez, "1970eko hamarkadaren erdian kokatu behar dugu" sarraskia, "kapital internazionalaren erreforma testuinguruan". "Espainiako Estatuan Trantsizio bezala ezagutzen den garai horren benetako zentzua, burgesia kapital europarrean txertatzea izan zen, eta, horretarako, zenbait aldaketa abiatu behar izan zituzten; besteak beste, bake soziala itun bidez lortzea, ordura arte klandestinitatean aritutako langile mugimenduko alderdi eta antolakunde ezberdinak burgesiaren instituzioetan integratuz", azaldu dute. 1976ko martxoaren 3a, beraz, "integrazioaren eta klaseen arteko paktuaren aurkako borroka" izan zela nabarmendu dute.

Gaur egun ere "Kapitalaren birmoldaketa garai bat" bizitzen ari garela ohartarazita, Kontseilu Sozialistak eta GKSk diote "krisi kapitalistak erreformak egitera bultzatu" duela "burgesia europarra". "Orain arte ezagutu dugun bizi eredua aldatzen ari dira: bizi baldintzen okerragotzea, soldaten debaluazioa, lan baldintzen gogortzea eta bestelako aldaketa ekonomikoak askatasun politikoen ezabapenarekin datoz", zehaztu dute. Burgesiaren ofentsiba horrek "pobretzen ari den langileria politikoki neutralizatzea bilatzen" duela adierazi dute, eta horrek "sozialismoaren aukera desagerraraztea eta bere dominazioa betikotzea" duela helburu.

"Krisiaren aterabide kapitalista" hori, gainera, "alderdi parlamentario zein sindikatu burokratizatu guztiek" babestu dutela salatu dute, "gaurko egunean kalera ateratzen diren horiek barne". "Argi dugu haien funtzioa, 70eko hamarkadan bezala, klase sozialaren paktua bermatzea dela", adierazi dute GKSk eta Kontseilu Sozialistak.

"Gaur egun ere langile klase gisa burgesiaren instituzioekiko modu independentean antolatu beharra dugu", ondorioztatu dute: "Komunistontzat, iragana, mito izatetik urrun, kritikoki aztertu eta akatsetatik ikasteko tresna da, askatasunaren aldeko borrokan ekarpena egiteko esperientzia. Komunistontzat, borrokaren lekukoa hartzeak, historian zehar behin eta berriro zapaltzaileen aurka altxatu diren horien saiakerak aldarrikatu, gure egin eta langileriaren memoria iraultzailean txertatzea dakar. Baina baita esperientzia horien mugak identifikatu eta egungo baldintzetan bideragarria izango den estrategia bat mahaigaineratzea ere".

Premia bati azpimarra egin diote, hala, gaurkoan; "klase independentzia berreraikitzen ari garen honetan [...], sozialismoaren aldarria zabaltzekoa".

Hona hemen Bloke Sozialistan hartutako irudiak, bideoan jasota:


EZ DAGO IRUZKINIK