AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/05 08:03

"Okupen presentziak Lanbide Heziketako proiektua geldiarazi du Martuteneko Politekniko zaharrean", "El edificio okupa del que nadie se ocupa", "Eneko Goiak 'soluzio azkar' bat eskatu du Martuteneko eskola abandonatuaren arazorako" eta abar luze bat irakurri ahal izan dira azken asteetan masa-hedabide batzuetako lerroburuetan. Martuteneko (Donostia, Gipuzkoa) Agustindarren eskola izandakoaz ari dira denetan, bertan bizi baitira beste bizitoki-alternatibarik ez duten 60 gazte migratu baino gehiago.

Ortzadar fundazioak eraikin horretan Lanbide Heziketako ikastetxe bat martxan jartzeko asmoa du, eta presioa egiten ari da epaitegietan desalojo-prozesua azkartu dezaten, eraikina lehenbailehen husteko eta hura bizitokitzat daukaten gazte guztiak kale gorrian uzteko. Teorian, bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonen heziketan jarduten du fundazioak. Hala dio bere web-orrian, lotsagabe: "Premia sozialak dituzten eta/edo bazterkeria soziala jasateko arriskuan dauden pertsonei laguntzen diegu eta arreta ematen diegu".

Ortzadarren ordezkariei ahotsa ematen eta gazteen kontrako kriminalizazio-kanpaina indartzen ari dira komunikabideak; entitate pribatuaren kaleratze eskaerarekin bat egin du publikoki Goia alkate jeltzaleak; eskolan bizi diren pertsonak jazartzen dituzte polizia-indarrek; ideia arrazistak eta klasistak zabaltzen dituzte hainbat bizilagunek eta plataformak; eta, hori guztia koktel-ontzi berean sartuta, izugarria da nola urratzen ari diren bidea etxegabetze masibo baterako edo pertsona migratuen aurkako edonolako erasoak egiteko, eta nola elikatzen ari diren haien kontrako marko diskurtsibo orokorra, Donostialdean hamaika adibide beldurgarritan ikusten ari garen modura.

Kale-egoeran dauden pertsonen artean, gazte magrebtarrak nagusi

Donostiako Harrera Sareak gertutik ezagutzen du Martuteneko eskolan eta Herrerako fabriketan bizi diren gazteen egoera. Kolektiboko kide batek kazeta honi azaldu dionez, Herreran duela pare bat aste egindako zenbaketaren arabera, gaur egun 100 bat pertsona bizi dira bertako fabriketan. Gazteetako batzuk behin-behinean egoten dira eraikin abandonatu horietan, Frantziako Estatura edo beste helmuga batzuetara joateko zirkulazioan, baina beste asko modu finkoan bizi dira bertan: badira egoera horretan bi urteraino daramatzatenak.

Berriki egindako kontaketa batean, Donostian bakarrik, 413 pertsona identifikatu zituzten gaua kalean egiten. Haien artean bereziki nabarmentzen dira Ipar Afrikatik migratu behar izan duten 20 urte inguruko gazteak, nahiz eta adin txikikoak ere izaten diren, kasu batzuetan. Kale-egoeran egonik, kanpin-dendekin eta bestelako materialekin egonleku prekarioak eraiki edo eraikin abandonatuetan babes hartu beste aukerarik ez dute topatzen; baina jakina da halako kokalekuak indarrez desegiten ari dela Polizia, eta eraikin abandonatuetara jotzen duten lagunen kasuan ere, askotarikoa da jasan behar duten jazarpena, Martuteneko eskolan bizi direnen kasuan bezala.

Donostian bakarrik, 413 pertsona identifikatu zituzten gaua kalean egiten. Haien artean bereziki nabarmentzen dira Ipar Afrikatik migratu behar izan duten 20 urte inguruko gazteak

"Haien herrialdeetatik ihes egiten dute, ez daukatelako euren etorkizuna nola bideratu. Patera bidez egiten dute ihes batzuek; beste batzuk Turkiara joaten dira eta hortik hasten dira Europako muga guztiak igarotzen, hona heldu arte; eta beste batzuek risky bideetara ere jo behar izaten dute, hau da, kamioien azpian edo itsasontzietan ezkutatuta", dio Harrera Sareko militanteak: "Eta gero, honaino heltzean, askok ez daukate nora joan. Kalean lo egin behar dutela aurkitzen dute euren burua".

Eraso arrazistek gora egin dute

Kale-egoeran dauden gazte horiek eraikin abandonatuetan babes hartzeko arrazoi gehigarrietako bat da eraso arrazistak ekidin ahal izatea, Harrera Sarearen esanetan: "Kalean baino babestuago daude aterpe baten azpian lo egiten badute". Izan ere, Donostian eta inguruan gora egin dute pertsona migratuen kontrako erasoek. Harrera Sareko kide batek gogora ekarri duenez, hainbat plataformatan (Lo que no te cuentan de Donosti Telegrameko taldea kasu) gorroto-mezuak zabaltzen hasi ostean, eraso arrazista ugariren berri izan zuten iazko udan. Besteak beste, kale-egoeran dauden pertsonek Donostian eraikitako bizilekuetara joaten hasi ziren faxistak, migranteei jipoiak emateko.

Iazko udan [...], kale-egoeran dauden pertsonek Donostian eraikitako bizilekuetara joaten hasi ziren faxistak, migranteei jipoiak emateko

Harrera Sareak kezkaz ikusi du azken urtean nola egin duten gora eraso arrazistek. "Azken hilabeteetan deskantsu txiki bat izan da, baina orain berriro hasi dira jo eta su. Maila jasanezin batera heldu dira", dio bertako kide batek. Salatu du, bestetik, sare sozialetan etengabe zabaltzen dituztela pertsona migranteen argazkiak, haiek seinalatzeko eta haien aurkako edonolako akusazioak egiteko. Hori gutxi balitz, aplikazio bat sortu dute berriki, eta horren bidez argitaratzen dute ea hiriko zein puntutan dauden pertsona migranteak, haiei jazartzeko.

Hori gutxi balitz, elkartasun-sareetan eta bestelako lanetan aritzen diren boluntarioen aurkako erasoak ere areagotu dira. "Kalean ikusten bagaituzte gazteren batekin, guri oihu egiten hasten dira", dio Harrera Sareko boluntario batek. Aurreko urtean Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) gertatutakoa oroitarazi du: gazte migrante batzuei laguntzen ari ziren bi gizarte-hezitzaile jarraitu zituzten bizilagun batzuek, kate batzuk eskuetan hartuta.

Polizia arrazista

Bizilagun faxisten erasoez gain, polizia-indarren errepresio eta jazarpen nekaezinari egin behar diote aurre kale-egoeran dauden gazteek. Ohikoa da bai udaltzainek bai ertzainek kalean geratzea eta identifikatzea (kasuren batean dokumentazioa kentzea ere bai), modu arbitrarioan; edo gazteek bizitokitzat dituzten eraikinetara ere joaten dira edozein ordutan, itxurazko justifikaziorik gabe. "Gazte batzuk ikusi izan ditugu hainbat egunez lorik egin gabe, Poliziak aste osoa pasatu izan duelako goizaldeko 03:00etan haiengana joaten, sirenak piztuta haiek esnatzen, eta horren ondoren besterik gabe alde egiten". Bizileku horietara sartu eta bertan bizi direnen materiala hausten edo lapurtzen ere jarduten dute poliziek.

"Bai ertzainek bai udaltzainek jazartzen diete, baina haiek esaten digute udaltzainen jarrera are okerragoa dela", jakinarazi du Harrera Sareko militanteak. Azpimarratu du, dena den, sekulakoa dela "Espainiako Poliziaren, Ertzaintzaren eta Donostiako Udaltzaingoaren arteko kolaborazioa". Hain justu, Espainiako Poliziarenak dira atzerritartasunari lotutako eskumenak, adibidez deportazio-prozesuak abiatzeko eskumena; eta, horiek horrela, udaltzainak eta ertzainak migranteei iruzur egiten saiatzen dira, Espainiako Poliziarengana bidaltzeko. "Hitzordu faltsuak ematen dizkiete Espainiako Poliziaren komisariara joan daitezen eta, behin han daudela, haien kanporatzea martxan jarri ahal izateko", zehaztu du elkarrizketatuak.

Udaltzainak eta ertzainak migranteei iruzur egiten saiatzen dira, Espainiako Poliziarengana bidaltzeko: "Hitzordu faltsuak ematen dizkiete"

"Poliziek etengabe molestatzen dituzte", gaineratu du: "Garbiketa-zerbitzuak bidaltzen dituzte haiengana, boluntarioek ematen diegun materiala lapurtzera; mantak eta abar", gaineratu du. Eta, bestalde, azaldu du polizia-agenteek irainak ikasten dituztela arabieraz, gazte magrebtarrak haserrarazteko eta "arrazoi bat egon dadin haiek jotzeko".

Erakunde publikoen borondate eta baliabide falta, eta traba gero eta handiagoak

Gazte horiek errolda egiteko edo lan-baimenak lortzeko izaten dituzten zailtasunak eta ezintasunak izugarriak dira, eta kale-egoeratik irten ahal izateko eskuragarri dituzten baliabide publikoak ere eskasak dira. "Gizarte-zerbitzuak gainezka daude", Harrera Sarearen hitzetan, eta horren erakusle da gizarte-zerbitzuen egoitzako tinbrea sarri itzalirik egotea. Donostiako Udalak eskaintzen duen baliabide bakarra da aterpetxe bat, baina hiru hilabetean bost gauez baino ezin dezake erabili pertsona bakoitzak, eta "oso zaila da plaza bat lortzea". Beste aterpetxe batzuetan, hala nola Hotzaldin eta Gauekon, ikaragarriak dira itxaron-zerrendak. Hotzaldin ia bi urterainokoa da zerrendan sartzeko igaro behar den denbora.

Gazte horiek errolda egiteko edo lan-baimenak lortzeko izaten dituzten zailtasunak eta ezintasunak izugarriak dira, eta kale-egoeratik irten ahal izateko eskuragarri dituzten baliabide publikoak ere eskasak dira

"Alderdi politikoek esaten dute, 'Joan daitezela gizarte-zerbitzuetara'. Baina batzuek ez dute joateko aukerarik ere, eta joan daitezkeenek tramite oso luzeak jasan behar dituzte, eta gero eta gehiago", adierazi du Harrera Sareko kide batek. Iritzi dio, gainera, gaur-gaurkoz erakundeen partetik martxan daudenak baino "baliabide gehiago egon badaudela", berez.

Itxaron-zerrenda amaigabeek eta hainbeste luzatzen den kale-egoerak "desesperaziora" eramaten ditu ehunka gazte horiek. "Etsipen horretan, normala da delituak egitea. Pertsona horiek bizi-baldintza minimo batzuk bermatuta izango balituzkete, seguraski ez lituzkete delitu horiek egingo", uste du Harrera Sareko kideak.

Delinkuentzia aitzakia bat da: erreakzioa

Azken asteetan, nabarmen biziagotu da Martuteneko eskolan bizi diren gazteen aurkako kriminalizazio-kanpaina, eta horren isla dira Goiaren azken adierazpenak eta El Diario Vasco-n gaiak hartu duen garrantzia. Beste hainbat herritan berriki gertatu den modura, esaterako Trapagaranen (Bizkaia), delitugileak izatea eta segurtasun falta eragitea leporatzen diete Agustindarren eskolan dauden gazteei, baita zikinkeria sortzea ere, surrealista badirudi ere. Harrera Sareak, ordea, gezurtatu eta zalantzan jarri ditu argitara atera diren ideia eta informazio batzuk, eta harago eraman nahi izan du ikuspegia.

"Hainbat tokitatik presioa sartzen ari dira esanez leku horiek oso arriskutsuak direla eta borrokak izaten direla, baina gazte horiek bizitzen ari diren egoera kontuan hartu gabe", defendatu du Harrera Sareko kide batek: "Eskola edo fabrika abandonatuetan bizi dira, ez dute urik eta argirik, eta jende mordoa dira. Etsipena nagusi da; ezin dute lanik egin, ikusten dute ez dutela aurrerapausorik ematen Donostian, askok drogetara jo besterik ez daukate deskonektatzeko… Horrela, nola ez dira liskarrak sortuko? Jendeak pentsatzen du haiek egoera horretan bizi nahi dutela eta luxu bat-edo dela eraikin horietan bizitzea".

"Hainbat tokitatik presioa sartzen ari dira esanez leku horiek oso arriskutsuak direla eta borrokak izaten direla, baina gazte horiek bizitzen ari diren egoera kontuan hartu gabe"

Elkarrizketatuak kezkaz dio "bizilagunek sinetsi" egiten dituztela "LQNTCDD bezalako plataformek zabaltzen dituzten ideiak eta hedabideetan ateratzen dena", eta "jarrera oso arrazista" hartzen ari direla. Uste du "guztiz deshumanizatuta" dituztela aipatutako gazte migranteak, eta "normalizatzen" ari dela "iritzi faxistak eta arrazistak inolako beldurrik gabe" adieraztea, pertsona migranteen aurkako eraso eta gehiegikeria oro justifikatzeaz gain: "Ikusten badute Poliziak gazte horiek jo dituela eta bere posizioaz modu argian abusatu duela, hori legitimatzen dute bizilagunek. Haientzako ez dira pertsonak". Harrera Sareko kideak pentsatzen du testuinguru hori ez dela "Donostian bakarrik gertatzen ari den zerbait", "orokorrean" izaten ari den prozesu bat baizik; baina diskurtso horiek kolokan jar daitezkeela aldarrikatu du, esaterako, hainbeste kriminalizatzen diren "gazte horiek ezagututa eta pixka bat informatuta".

"Guztiz deshumanizatuta dituzte gazte horiek, eta normalizatzen ari da iritzi faxistak eta arrazistak inolako beldurrik gabe adieraztea, pertsona migranteen aurkako eraso eta gehiegikeria oro justifikatzeaz gain"

"Adibidez, jende askok esaten du, 'Egin dezatela lan'. Gehienek ezin dute lanik egin ere, ordea. Espainian gutxienez bi urtez egon behar dira paperak lortzeko zain, baina bitartean nonbaiten egon beharra dute. Eta, bitarte horretan, Martuteneko eskolatik pasatzen dira asko", argitu du: "Gazte askok esaten digute hemendik alde egin beharko dutela ezin dutelako lanik egin. Guztiek nahi dute lan egin eta euren familiei bidaltzeko dirua eduki". Harrera Sareko kideak jakinarazi du, gainera, "gazteek ez dietela euren familiei ezer esaten euren egoerari buruz", senideak ez kezkatzeko: "Haien familiek ez dakite kale-egoeran daudela, inguruan arrazistak dituztela, Poliziak jazarri egiten diela, eta abar".

Eta mitoak gezurtatzen jarraitu du: "Beste batzuek esaten dute, 'Jende hori dirulaguntzei esker bizi da'. Baina ez da edozein iristen dirulaguntza bat jasotzera. Momentu honetan, laguntzaren bat jasotzeko, gutxienez urte eta erdiz egon behar dira kalean, eta asko dira gabe geratzen direnak. Gainera, benetan uste al dute laguntza horiekin asebete daitezkeela pertsona batek dituen behar guztiak? Justu-justu iristen zaie hilabeteko erosketa batzuk egiteko". Horrez gain, azpimarratu du gazte haietako askok argitzen dutela "ez dutela dirulaguntzarik nahi, baizik eta lan egin, familiei eman ahal izateko". "Informatu eta gero hitz egin dezala jendeak", esan du.

Donostian azken urtean izan diren mobilizazio-deialdi erreakzionarioetan zabaldu duten beste mantra bat ere aipatu du Harrera Sareko boluntarioak; segurtasun faltarena, alegia: "Segurtasun faltaz kexatzen dira, baina horri aurre egiteko bide bakarra da gazte horiek ezagutzea. Nik, haiekin egotean, ez dut sekula segurtasun faltarik sumatu". Eta bigarren kide batek seinalatu duenez, hain justu gazte horiek dira "segurtasun falta nabarmentzen duten lehenak", haiek direlako "faxista batek edo Poliziak egindako erasoak" pairatzen lehenak.

Eta, horrez gain, hainbeste errepikatzen den "delitugile" salaketari dagokionez, zenbait ertz ukitu nahi izan ditu Harrera Sareak. Batetik, ohartarazi du "epaileak askoz ere zorrotzagoak" izaten direla pertsona magrebtarrekin; eta, bestetik, nabarmendu du "inork ez duela deliturik egiten besterik gabe nahi duelako", eta sarri "muturreko pobrezian egotea" izaten dela horretarako arrazoia. "Geratzen zaien bide bakarra da askotan, janaria edo dena delakoa lortzeko", dio.

"Inork ez duela deliturik egiten besterik gabe nahi duelako"

Horiek horrela, gero eta hedatuago dauden jarrera erreakzionarioen inguruan ere hausnartu du Harrera Sareko kideak: "Nire ustez jendea ez da identifikatuta sentitzen 'faxista' terminoarekin, edo ez da identifikatuta sentitzen Vox eta Frente Obrero bezalakoekin, baina badira arrazistak azken finean". Hala ere, iradoki du elementu gehiago ere egon daitezkeela loturan jarrera arrazista horiekin: "Ni ere orain kale-egoeran biziko banintz, berdin-berdin emango nieke nazka pertsona horiei".

EZ DAGO IRUZKINIK