AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Espainiako Justizia Ministerioa
2021/03/31 12:33

Iazko abenduan berriz epaitu zuten Marixol Iparragirre preso politikoa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hain zuzen, 1985ean Espainiako Poliziaren aurkako ekintza batean parte hartzea leporatzen zioten. Mendizorrotza (Gasteiz, Araba) inguruan izan zen ekintza hori.

Fiskalak 488 urteko kartzela zigorra galdegin zuen Iparragirrerentzat, baina akusazioa ukatu zuen hark. Ebazparen berri eman du jada Auzitegi Nazionalak: eskoriatzarra absolbitu du delitu horretaz.

2004tik 2019ra arte Frantziako Estatuan preso izan ostean, estraditatu egin zuten Iparragirre, Espainiako Estatuan haren aurka irekita zeuden hamabi auziak zirela-eta. Iazko uztailean egin zioten aurreneko epaiketa, Luciano Cortizo komandantearen hilketarekin lotuta. Auzitegi Nazionalak 122 urteko espetxe zigorra ezarri dio kausa horregatik.

Bi auzitan, ordea, errugabe jo dute preso politikoa. Mendizorrotzako ekintzaren auziaz gain, Oviedoko komisariaren aurkako ekintza batean parte hartzeaz ere absolbitu du auzitegiak, fiskalaren 71 urteko kartzela zigor eskaerari uko eginda. Urtarrilean jakinarazi zuten ebazpena.

Hilabete honetan bertan beste kausa bategatik auzitegiak hartutako erabakia, ordea, ez da absoluzioarena izan: martxo erdialdean jakinarazi zuen 61 urteko zigorra ezarriko diola 1994an eta 1995ean Bizkaian bi ekintzatan parte hartzea egotzita.
EZ DAGO IRUZKINIK