AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/29 10:20

M1: Hamaika zapalkuntza, borroka bakarra plataformak adierazpen bidez jakinarazi duenez, aurten ere hilabete osoko egitaraua prestatu dute Lizarraldean (Nafarroa) Langileon Nazioarteko Egunari begira. Apirilaren 4an hasita, lau hitzaldi izango dira guztira, eta besteak beste, klase feminismoa, klase ertaina, klase kontzientzia edota autodefentsa izango dituzte aztergai. Bestalde, iaz egin modura, mobilizazio bat iragarri dute Maiatzaren Lehenerako.

Bizi dugun ofentsiba

Une honetan bizi dugun krisialdi egoeran, "klase kontzientzia garatzea" eta "burgesia hartzen ari den erabakien klase ikuspegia" seinalatzea "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela azaldu dute plataformako kideek. Bestalde, "proletalgoaren sektore desberdinak (emakumeak, ikasleak, etorkinak, gazteak, pentsionistak...)" batzeko eta ez bakartzeko deia egin dute, "sektore bakoitzak jasaten dituen zapalkuntzen aurkako borrokan langileria osoa" inplikatzearen beharra nabarmenduz.

Izan ere, egungo egoeran, "goi burgesiak" bata bestearen atzetik hartutako erabakiak "langile klasearen gaineko ofentsiba politiko" batean kokatzen dira plataformako kideen esanetan. Testuinguru honetan, "Ongizate Estatuaren eta Europako langileriaren geruza batzuen pribilegioen -klase ertaina- deuseztapena azaleratu" dela diote.

Aurre

Ofentsiba honi aurre egiteko, "langileriaren bizi baldintzen autodefentsa eraginkorra martxan jartzeko unea" dela ebatzi dute M1: Hamaika zapalkuntza, borroka bakarra dinamikako kideek; "klase elkartasuna ez delako estatua eta egungo gizartea mantentzeko tresna bat, iraultzaren bidean langileriak duen arma baizik". Hala, arazoaren erroa den "botere burgesari" eraso egiteko deia luzatu dute.

Egungo zailtasunak

Adierazpenarekin batera, antolatzaileek azaldu dute Espainiako Estatuak imposaturiko salbuespen egoerak kinka larrian jarri duela dinamika osoa. Hala ere, testuingurua kontuan hartuta, aurrera jarraitzea erabaki dute. "Konfinamenduak irauten duen bitartean, antolatuta genituen hitzaldiak sare sozialetan zabalduko ditugu, artikulu modura" adierazi dute. Egun bakoitzari dagokion saioaren artikulua, beraz, egun horretan bertan argitaratuko dute sare sozialetan, alarma egoerak iraun bitartean behintzat.