M8ari begira, hainbat dinamika abiatu dituzte campusetako emakume taldeek, Ikasle Abertzaleakek, Itaiak zein tokian tokiko eragileek

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari begira, 'Kate guztietatik askatzeko, batu gaitezen' lema bateratuari heldu diote GUET, Akelarre, Arrakala eta Lorratzek. Ikastetxeetan, aldiz, 'Hezkuntzatik emakume langileon antolakuntzari ekin' dinamikari ekin dio IAk. "Emakume langilearen heziketa politikoaren beharra" eta "hipersexualizazioa" izan dituzte ardatz komun euren lanketetan. Hezkuntza komunitatetik harago, tokian tokiko eragile lokalek hainbat egitarau osatu dituzte hamaika txokotan, Itaia sarearen parte hartzearekin.
Argazki Nagusia
Itaiaren hitzaldia, Leioako campusean. Argazkia: Lorratz
2020ko martxoaren 7a

Aste honetan, Martxoaren 8ari lotutako lanketek hartu dituzte Hego Euskal Herriko campus, ikastetxe zein herriak. Besteak beste, unibertsitateetan Kate guztietatik askatzeko, batu gaitezen lelopean jardun dute emakume taldeek; Itaiak, campusetako jardunaldietan parte hartzeaz gain, M8aren harira prestatutako hitzaldiak eman ditu tokian tokiko hainbat eragileren ekimenen barruan; eta ikastetxeetako Ikasle Abertzaleakek hitzaldiak, tailerrak zein mobilizazioak antolatu ditu eskualdez eskualde.

Batasunean

Campusei dagokienean, lema bateratua eta eduki amankomunak zehaztu dituzte Gasteizko (Araba) GUET, Iruñeko (Nafarroa) Akelarre, Ibaetako (Gipuzkoa) Arrakala eta Leioako (Bizkaia) Lorratz taldeek. Zenbait hitzaldi eta tailer egin dituzte unibertsitatean, eta besteak beste, egitarau guztietan barnebildu dituzte "emakume langileen antolakuntza politikoaren beharraren" inguruan aritzeko saioak. Tartean, Antolakuntzan datza iraultza hitzaldia eskaini dute Itaiako kideek.

Horretaz gain, mobilizazioak ere izan dira lau campus horietan, martxoaren 5ean. Guztiek eraman dute aldarrikapen berdina erdigunera: Kate guztietatik askatzeko, batu gaitezen.

Bestalde, astelehenean greba hasi duten EHUko garbitzaileei elkartasuna adierazi diete aste osoan zehar, Unibertsitateko Indar Batasunarekin batera. Ikasleek eta garbiketazerbitzuetako beharginek mobilizazio ugari egin dituzte elkarrekin, eta datozen asteetan gehiago izango direla aurreikusi dute.

Heziketa politikoa

Hezkuntza ertaineko ikasleak ere martxan izan dira hamaika eskualdetan azken asteetan, Ikasle Abertzaleaken eskutik. Nagusiki, hiru gai amankomun landu dituzte: "hipersexualizazioa", "emakume langilearen heziketa politikoa", eta "autodefentsaren beharra". Elkarretaratzeak ere egin dituzte hainbat herritan.

Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du IAk, "eskualde bakoitzeko ezaugarrietara egokituz eta halako dinamiken bidez sortutako aukera politikoak baliatuz". Emakume langilea "subjektu politiko bilakatu dadin baldintzak sortu" eta helburu horri erantzungo dioten "antolakuntza forma egokiak" sustatuko dituztela adierazi dute.

Antolakuntzan datza iraultza

Ikastetxe eta campusez gain, tokian tokiko zenbait eragilek Martxoaren 8ari begirako ekimenak prestatu dituzte, Itaiaren hitzaldiak barne. Esaterako, Egiako (Gipuzkoa) Kultur Etxean izan dira Emakume Sozialisten Sareko kideak, Emakume Langilea Iraultzarako prest plataformaren eskutik; Gasteizko Aldaben, Langileok Haustura Politikoa plataformarekin; Bilboko Zirika Herri Gunean; Iruñeko San Francsico ikastetxean; edota Gernikako (Bizkaia) Astran.

Bestetik, mapari beste zenbait zertzelada emateko, Hernaniko (Gipuzkoa) Kontrakantxa Gaztetxeak "feminismo proletarioaren erronkak" izan ditu hizpide gaur; Azpeitiko (Gipuzkoa) Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistaren eskutik, Antolakuntzan datza iraultza hitzaldi-tailerra egin dute; Goierriko Titare Borroka Sareak prestatuta, Antolakuntzaz bidea ehuntzen, emakume langileon askatasunerantz egitarauari heldu diote Urretxuko (Gipuzkoa) Gaztetxean; Tolosan (Gipuzkoa) hitzaldia eta elkarretaratzea izango dira gaur, Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldeari bide egiteko; eta Laudioko (Araba) Kultur Etxean "emakume langilearen autodefentsaren beharraz" jardun zuten atzo, Laudioko Gaztetxearen eta Aiaraldeko Ikasle Abertzaleaken eskutik, Langileok Haustura Politikoa jardunaldien barruan.