AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iazko manifestazioa Donostian.
2019/04/30 11:06

M1 Langileontzat plataformako kideak Klase borroka ala sumisioa. Langile boterea eraiki aldarripean atera ziren kalera pasa den urteko Maiatzaren Lehenean, Donostian (Gipuzkoa). Irakurketan adierazi dutenez, "duela 130 urte Bigarren Internazionala Komunistak Maiatzaren Lehena Langileen Nazioarteko Egun izendatu zuenetik, mundu osoko langileriak egun hori baliatu izan du langile borrokaren aldarrikapenerako".

Haien hitzetan, "errealitate gordinak behin eta berriro jartzen du mahai gainean ez dagoela bake posiblerik zapalkuntzan oinarritutako sistema kapitalistan". Etxebizitzaren arazoen aurkako mobilizazio eta birjabetzeak, emakume langilearen zapalkuntzaren aurkako borroka, euskaraz bizi ahal izateko borrokak… Klase dominazio orokorrak eragindako adierazpen zehatzei "modu integralean" erantzuteko deia egin dute, hala.

Indarrak

Horri lotuta, adierazi dute "pozez" ikusten dutela langileriaren askapenaren aldeko ildo politikoaren indartzea Euskal Herrian. Hainbat sektoretan atzeman dute "klase independentzian oinarritutako teoriaren lanketa", baita antolakuntza formak ere, tartean, Gazte Koordinadora Sozialista, Itaia Emakume Sozialisten Sarea edota Ikasleen Autodefentsa Sareak. Maravillas gaztetxearen defentsa, Kijera gaztetxearen erresistentzia eta "indartzen eta saretzen" ari den gaztetxeen mugimendua ere gogoan izan dituzte. "Borroka adierazpen horiek guztiek sendotzen ari den ildo politiko sozialistaren baitan" ulertu dituzte, beraz.

Egoera honen aurrean, M1 plataformak ere bere ekarpena egiteko konpromisoa hartu du “ildo politiko honen indartzea lagundu” eta Maiatzaren Lehena “benetako borroka egun” izan dadin euren ekarpena eginez. Aurtengo Langileriaren Nazioarteko Egunean, “klase independentziaren eta langile boterearen eraikuntzaren” aldeko manifestazioa egin nahi dute, beraz.

Manifestazioa aurten ere

Momentuz, ez dute Maiatzaren Lehenerako deialdiaren gaineko xehetasunik eman. Hala baina, hilabete honetan zehar "zentzu berean" hainbat ekimen antolatuko dituztela jakinarazi dute. Adierazi dute, jakin badakitela "borroka luzea" dutela aurretik baina, "zailtasunez jakitun" badira ere, "itxaropenez" begiratzen diotela etorkizunari. Izan ere, Euskal Herrian "grin iraultzailea" nabaria dela iritzi dute. Horregatik, ekimenetan zein mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.