Letoniako Gobernuak "leialtasun-froga" bat gainditzera behartu nahi ditu etnia errusiarrekoak diren eta Letonian bizi diren pertsonak. Fideltasun horren erakusle modura aurkeztu dute, hain zuzen, letoniera menperatzea: horregatik, letoniera azterketak egitera behartu nahi dituzte nortasun-agiri errusiarrak dituzten Letoniako biztanle guztiak.
Kalkuluen arabera, Letonian, 20.000 inguru dira Errusiako nortasun-agiriak dituzten lagunak; gehienak, emakumeak eta nagusiak. Etnia errusiarrekoak, baina, Letonia osoko biztanleriaren (1,9 milioi pertsona inguru) laurden bat omen dira. Orain beldur dira, letoniera azterketak egitera derrigortuz gero eta horietan huts eginez gero, Letoniatik indarrez kanporatuko ote dituzten.
Dimitrijs Trofimovs Letoniako Barne Ministerioko Estatu-idazkariaren arabera, gobernua "kezkatuta" dago etnia errusiarreko biztanleen "leialtasuna" dela-eta. Errusiako nortasun-agiriak dituztenei buruz, kritikatu du beraiek aukeratu zutela, "beren borondatez, Letoniako herritartasuna ez eskuratzea, baizik eta beste estatu batekoa".
Trofimovsek iradoki du letoniera azterketa gainditzen ez dutenen artean 75 urtetik beherakoak direnek Letoniatik alde egin beharko dutela, urtea amaitu aurretik. "Joaten ez badira, indarrez kanporatu beharko dira", gaineratu du.
Descifrando La Guerra atariak jakinarazi duenez, iazko otsailean Ukrainako gerrak leher egin zuenetik, Errusiako telebista-kanalak debekatu dituzte Letoniako autoritateek, eta monumentu sobietar bat eraitsi dute Rigan. Gainera, iazko abuztuan, sektore publikoetan nahiz pribatuetan errusieraren erabilera mugatzeko lege bat onartu zuen Letoniako Parlamentuak. Orain, badirudi hezkuntza sisteman ere errusiera debekatu nahi dutela.