AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/23 12:23

Aste honetan jakinarazi dute familia bat etxegabetu nahi zutela bihar, ekainaren 24an, Lekeition (Bizkaia). Orain arte alokairuan bizi izan da familia, baina orain, etxea saldu nahi omen du etxearen legezko jabeak. Maizterrak pixkanaka etxetik botatzeko hainbat presio mekanismo erabili ostean —"etxeko bizigarritasun baldintzak kaskartzen uztea" nahiz "etxearen ustezko erosleak etxea bisitatzera eramatea"—, gainean zegoen etxebizitza husteko ezarritako data.

Dena den, Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak berriki azaldu duenez, moratoria bat sartu da indarrean, eta atzeratu egingo dute kaleratzea. Epaitegi batek horixe adierazi dio kanporatze arriskuan dagoen familiari. "Azpimarratzekoa da gertaera horiek salatzeko eta horien aurrean antolatzeko beharra", esan dute Kontseilu Sozialistako kideek.

"Administrazioaren orain arteko utzikeriak eta orain pausoak eman izanak beste zerbait ere erakusten digu: instituzio burgesak aprobetxatu egiten direla proletalgoaren egoera zaurgarriaz eta prozesu juridikoen gaineko ezagutza faltaz, berez konponbide bat, atzeratze bat edo alternatiba bat eskaini dezaketen erabakiak saihesteko", seinalatu dute. Ohartarazi dute, dena den, "moratoriaren prozedurak berak ere azken unera arte desegonkor eta ziurgabe mantentzen" duela kaleratze arriskuan den jendea.

Etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala

Kontseilu Sozialistaren esanetan, "bizitzeko beharrezkoak diren baliabideetara sarbideak doakoa eta unibertsala izan beharko luke, eta kalitatezko bizi-eredu bat eskaini". "Jabeen salerosketarako eskubidea proletalgoaren bizitzaren gainetik jartzen duen gizarte honetan", ordea, hori ez dela "hala gertatzen" salatu du.

"Bizi-bitartekoetatik kanporatuak garen guztion antolakuntzaren bidez, baina, lor daitezke baliabide horien guztien gaineko kontrola eta bizi-baldintzen hobekuntza; burgesiaren kontrolpeko aparatuetatik kanpoko antolakuntza independentearen bidez", aldarrikatu du.

Adi egoteko deia

Izatez, bihar 11:00etarako zegoen ezarrita etxegabetzea, eta 10:30erako deitu zuen protestara Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak. "Bihar ez bada ere, Lekeitioko familia bat etxetik kaleratuko dute aste batzuen buruan", gogorarazi du orain. Beraz, biharko antolatutako elkarretaratzea atzeratu egingo du momentuz, baina hurrengo deialdiei adi egoteko eskaera egin du. "Bizi-baldintzen okertzearen aurrean, antolatu gaitezen", gaineratu du.

EZ DAGO IRUZKINIK