AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/14 10:15

Aiaraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak salatu duenez, 1.500 euroko isunei egin beharko die aurre, propaganda politikoa egiteagatik. Urtarrilaren 28ko manifestazioetara deitzeko lanetan ari zirela, udaltzainek GKSko hainbat kide identifikatu zituzten Laudion (Araba). Pankarta bat jartzeagatik, militante horiek identifikatu zituen udal poliziak, eta horren ondorio errepresiboak heldu dira jada: guztira, 1.500 euroko zigorrak ezarri dizkiete.

Aiaraldeko GKSko kideek gogorarazi dute, hala ere, Euskal Herriko hamaika txokotan jasan dutela polizien jazarpena urtarrilaren 28ko mobilizazioei begirako lan politikoan aritu diren gazteek. Iruñerrian (Nafarroa), adibidez, 50 lagunetik gora identifikatu eta isundu dituzte. Laudioko kasu zehatzari dagokionez, GKSk ohartarazi du guztira 4.000 euroko beste isun batzuk ere izan direla herrian, Laudioko Gaztetxearen desalojoaren harira.

"Krisi testuingurua baliatuz, enpresariak eta agintariak aurrera eramaten ari diren ofentsibarekin" lotu ditu errepresio kasu horiek guztiak Aiaraldeko GKSk: "Horrelako kasuak geroz eta ugariagoak bihurtzen ari dira eta askatasun politikoen urraketen adibide argiak dira". Helburua "militantzia politikorako baldintzak oztopatzea" dela salatu du. "Militantzia politikoarekiko erasoen aurrean, proletalgoaren independentzia politikoaren aldeko hautua" berretsi dute GKSko kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK