Larunbat honetan, maiatzaren 31n, Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxe berriaren aurkezpena izango da. Eguerdiko 12:30ean, jendaurrean aurkeztuko dituzte lortutako espazio berria eta bertako proiektua, eta Gaztetxea ezagutzera bertaratzeko deia zabaldu du Burlatako Gazte Asanbladak.
Inaugurazioarekin batera, egun osoko egitarau bat prestatu du: Zerotik Gaztetxera izeneko ginkana egingo dute 13:30ean eta bazkari bat horren ondoren, 15:00etatik aurrera. Gero, arratsalde osoan zehar edukiko dute irekita Gaztetxea.
Urtebetez baino gehiagoz egindako borrokari esker, Gazte Asanbladak apirilaren hasieran jakinarazi zuen, Gaztetxearen berehalako desalojo eta eraisketa arriskuaren aurrean, proiektua beste espazio batera tokialdatzea lortu zuela. Horrekin batera, eta hainbeste luzatutako negoziaketen ostean, udal-gobernuak "Gaztetxearen biziraupenerako" baldintzak onartzea ere lortu zuen asanbladak. "Borrokak merezi du", azaldu zuten gazteek.