Larunbat honetan, maiatzaren 3an, Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala izango da, Egurre Gazte Asanbladak Gernikan (Bizkaia) ireki berri duen Gaztetxean. Hiru bikotek lortu dute finalerako sailkatzea: Aroa Arrizubietak eta Unax Aizpuruak, June Aiestaranek eta Maddi Aiestaranek, eta Gorka Pagonabarragak eta Ekhi Zuluagak. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Beñat Astizek eta Irati Martinezek jardungo dute.
Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, baina, horren bueltan, egun osoko egitaraua antolatu dute Gernikako Gaztetxean, bertako asanbladarekin batera. Eguerdian emango diete hasiera ekimenei: bertso-poteoa izango da 12:00etan, sariketan parte hartu duten bertsolarien eskutik; bazkaria 14:00etan; eta Manex Astigarraga eta Lide Arregi umoregileen ikuskizuna 16:30ean. Finalaren ostean, 22:00etatik aurrera, kontzertu bat ere egingo dute Gaztetxean bertan. Desgaraian eta Mikosis taldeak arituko dira lehenengo, eta, gero, MariDJo DJak girotuko du gaua.
24 bertsolari gazte
Euskal Herriko 24 bertsolari gaztek parte hartu dute sariketan, eta sei saio egin dituzte orain arte, sei Gaztetxetan: Itsasuko (Lapurdi) Goxokin, Mutrikun (Gipuzkoa), Hernaniko (Gipuzkoa) Kontrakantxan, Altsasun (Nafarroa), Bilboko (Bizkaia) 7Katun eta Gasteizen (Araba).
Hain justu, otsailean eman zuten Gaztetxeak Bertsotan ekimenaren berri. Antolatzaileek azaldu dutenez, "hainbat bertsolari gaztek Gaztetxeetako asanbladekin batera antolatutako sariketa" da, eta "bertsoarekiko eta Gaztetxeekiko kezka" ditu oinarrian. Hala, "gazteentzako zirkuitu bat sortu" nahi izan dute, "festa-giroko saio eroso eta dibertigarriak izatea" bilatuz baina, "aldi berean, gazteon kezkekin lotutako ahots kritiko eta politizatuei ere tokia emanez".
Bertsolari gazteentzako plaza politizatu bat eta Gaztetxeentzako hauspoa
Bi helburu nagusi ditu Gaztetxeak Bertsotan-ek: "bertsolari gazteei plaza eskaintzea, lehen aipaturiko premisen baitan", eta "Gaztetxeen eta bertsoaren arteko harremana estutzea". Alegia, "Gaztetxeen inguruan dabiltzan belaunaldi berriak bertsozaletzea edo bertsoarekiko gertutasuna sentiaraztea" bilatzen dute, baina baita "bertsozalea den edo bertso munduan dabilen jendeak Gaztetxeekiko eta politikarekiko gertutasuna sentitzea" ere.
Horiek horrela, antolatzaileek azpimarratzen dute "sariketak Gaztetxeei bultzada ematea" ere baduela helburutzat, "are, egun Gaztetxeak bizitzen ari diren erasoaldian". Beraz, "pozgarritzat" dute Gernikako Gaztetxearen proiektu berria, eta horregatik aukeratu dute hura finalerako agertoki modura, "guretik ere Gaztetxeen aldeko borrokari bultzada emateko".