AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/02/25 18:42

Elkarrekin argitaratu dute eskutitz bat Valentina Morisoli eta Gaizka Andoni Astorkizaga preso politikoek, eta gutun bat helarazi du Iñaki Bilbaok ere. Hirurek argitu nahi izan dute, gaur egun, ez dutela loturarik Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduarekin.

Bilbaok, batetik, jakinarazi du "AAEAMrekin izandako harremana eta lotura apurtzea erabaki" duela. "Sortu zenetik bere ildo politiko-ideologikoa noraez sakon batean murgildu da, gero eta okerrago", gaineratu du. Hortaz, mugimenduko kideei eskatu die "inola ere ez erabiltzeko" haren "pertsona eta izena"; "Europa osoan espetxean urte gehien daraman preso politikoa naizenez, uste dut eskaera hori egiteko eskubide osoa dudala".

Morisolik eta Astorkizagak, bestetik, esan dute ez direla "AAEAMko kide" eta, "beraz", ez dutela "onartzen haiek gure izaera politikoa baldintzatzea, ezta gure izena eta irudia erabiltzea ere". "Argi dugu amnistia osoa dela preso, iheslari eta deportatuen askatasunerako giltza, baita langile klase osoaren askatasunerako ere. Baina tresna hori ez da AAEAMrena, guztiona baizik", xehatu dute.

"Ez dugu bide berdina urratzen eta, hortaz, Fito eta Valentina guztiz aldenduta gaude haien diskurtso eta jarreretatik", diote gutunean. Bestalde, haien "hitzetan" ez dagoela "eztabaidarako tokirik" azpimarratu dute, eta haien "izaera politikoa" errespetatzeko eskatu.

Elkartasun oihuak

Morisolik eta Astorkizagak, horretaz gain, adierazi dute preso egin dituzten hiru hilabeteetan "ozen entzun" dituztela haiei zuzendutako "elkartasun oihuak"; "bai gertukoak, baita urrutikoak ere". Azaldu dute ez direla "momentu errazak" izan haientzat, aurretik zuten "egunerokoa bat-batean eten" delako, "bizitza pertsonalari, lanpostuei nahiz militantzia politikoari" dagokienez. "Horrek ez du esan nahi bide hori [militantzia politikoarena] amaitzen denik, baina argi dago, preso politikoak garen heinean, baldintzatuta dagoela", ondorioztatu dute.

Hiru hilabete eta ia lau hamarkada

Morisoli eta Astorkizaga iazko azaroaren 16an atxilotu zituzten, eta "terrorismoa goratzea" eta "talde armatuarekin kolaboratzea" leporatzen diete. Madrilen dituzte gatibu biak, Alcala-Mecon bata, eta Soto del Realen bestea. Bilbaok, ordea, 36 urtetik gora daramatza preso. Puerto III kartzelan daukate gaur egun, Cadizen.

EZ DAGO IRUZKINIK