AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
UIBk apirilean egindako mobilizazio nazionala. Argazkia: UIB
2019/05/17 11:56

Martxoaren 11n aurkeztu zuten Unibertsitateko Indar Batasuna Leioako (Bizkaia) campusean, "unibertsitateko langile sektoreen bizi baldintzak hobetzea haututzat eta xedetzat hartuta". Hala, ikasleen baldintzetan eragin zuzena izango zuen borroka bat abiatu zuten; hain zuzen, 12.2 artikulua aldatzearen aldekoa. Izan ere, artikulu horren arabera, ebaluazio jarraietan, azterketa deialdiari uko egin ahal izateko, ikasleek irakaskuntza aldia bukatu baino hilabete bat lehenago jakinarazi behar dute. Horren aurrean, UIBko kideek "ikasleen erabakimen ahalmena defendatzeko" borrokaldia jarri zuten martxan.

Ebaluazio jarraia "edozein unetan etetea" aldarrikatuz, sinadura kanpaina abiatu zuen UIBk. 7.000 sinaduratik gora bildu zituen bi astetan, EHUren campusetan. "Ikasleen interesei erantzungo dien ebaluazio batera bidean, 12.2 artikulua bertan behera geratzearen garrantzia" nabarmendu zuten orduan.

Baterajotze nazionala

Bestetik, apirilean manifestazio nazionalerako deia egin zuen UIBk. Ehunka lagun bildu ziren Gasteizko (Araba) campusean, eta hainbat irakasleren atxikimendu publikoa ere lortu zuen ekimenak. "Ikas baldintzak langileen interesera jartzea" aldarrikatu zuten ikasleek, baita Errektoretzari 12.2 artikulua bertan behera uztea exijitu ere.

Aurreneko aurrerapausoa

UIBk sare sozialen bidez jakinarazi duenez, urrats garrantzitsua eman du dagoeneko 12.2 aldatu, erabakia edonoiz dinamikaren bidez. Atzo, EHUko Graduko Batzordeak artikuluaren aldaketa proposatu eta onartu zuen. Beraz, maiatzaren 30ean egingo den Gobernu Kontseiluan ere aldaketa onartzen badute, artikulua aldatzea lortuko du UIBk.